MONARKIA
Espainiako errege emeritua Zarzuelara itzuliko da gaur, bi urteren ondoren Felipe VI.a erregearekin elkartzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Errege Etxearen arabera, familia giroko bilera pribatua izango da. Ezustekorik ezean, ez dute adierazpenik egingo.
Espainiako errege emeritua Zarzuela Jauregira itzuliko da gaur, bi urteren ondoren Felipe VI.a erregearekin eta familiako beste kide batzuekin batzartzeko. Ostegunean hasi zuen bost eguneko bidaia Sanxenxon (Galizia) eta gaur Madrilen geldialdia egin ostean, Arabiar Emirerri Batuetara itzuliko da.
Espainiako Errege Etxearen arabera, familia giroko bilera pribatua izango da eta, ildo horretan, ez da erregearen agenda ofizialean agertu ere egiten. Ezustekorik ezean, ez dute inolako adierazpenik egingo. Ikusteko dago irudiren bat publiko egiten den ala ez.
Gaurko hitzorduaz zer espero duen galdetuta, "besarkada asko eta familia ikustea" erantzun zuen atzo Juan Carlos I.ak.
Zarzuela Jauregira egingo duen bisita laburra izango da. Izan ere, gaur bertan itzuliko da Abu Dhabira.