Itxi

Konferentzia Munizipalista

Otegi: "EH Bildu beste demokrazia eredu batean liderra da, kooperatiboagoa"

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

"Iraultzak eta eraldaketak Twitterren egiten direla uste dute askok, guk uste dugu egun guztietan egiten direla, erabakiak jendartearekin hartuz", azpimarratu du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Konferentzia Munizipalistan, Iruñean. Argazkia: EFE

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak koalizioaren lehen Konferentzia Munizipalistari hasiera eman dio ostiral honetan. Koalizioa "beste demokrazia eredu batean liderra da", partizipatiboagoa eta kooperatiboagoa, adierazi duenez.

EH Bilduk ehunka zinegotzi eta alkate bilduko ditu ostiral eta larunbat honetan Iruñean, bere aurreneko Konferentzia Munizipalistan. Besteak beste, Irlandako Sinn Fein eta Eskoziako SNP alderdietako kideak bertan izango dira.

"Nola egin aurre gizateriaren historian hain berezia den une historiko berezi honi?" Galdera hori abiapuntuan jarrita, EH Bilduk eraiki nahiko lukeen etorkizuneko herri proiektu berrirako zedarriak bildu ditu, 'Euskal Eredua. Herri Hobe Baten Alde' goiburupean landu duen txostenean.

Irekiera ekitaldian, Otegik esan du EH Bilduren munizipalismoa "nazionala eta aurrerakoia" dela, "eraldaketa sozialerako proiektu integral bati hertsiki lotuta".

"Iraultzak eta eraldaketak Twitterren egiten direla uste dute askok, guk uste dugu egun guztietan egiten direla, erabakiak jendartearekin hartuz" eta "jendearengandik gertuen dauden erakundeetan, udaletan", azpimarratu du.

Otegik ziurtatu duenez, EH Bilduko kideak "liderrak dira une historiko batean, demokrazia liberalaren eta autoritarismo politikoaren arteko norgehiagokan".

Koordinatzaile nagusiaren ahotan, koalizioa "beste demokrazia eredu batean liderra da, demokrazia partizipatiboa eta kooperatiboa, jendearen parte-hartzeari zabalik", eta ezberdin pentsatzen dutenekin "aliantza anitzak eraikiz", "batera bultzatu behar den garaian gaudela" uste dutelako.

EH Bilduren munizipalismoa "proiektu integrala da, berdinen euskal errepublikaren bila, herriaren lurralde antolaketa, burujabetza eta alternatiba aurrerakoien eraikitzeko", azaldu duenez.

"Inork ez digu irribarrea kenduko, inork ez gaituelako geldituko, herri honek erronkei aurre egiten jakin duelako inguruabar zailagoetan, eta gauza bera egingo du etorkizunean", nabarmendu du.

Baluarte jauregian egindako irekiera ekitaldia baino lehen, Otegi konferentziara gonbidatutako nazioarteko ordezkaritzekin bildu da, Iruñeko hotel batean.

Besteak beste, Eoin O Broin Sinn Feineko parlamentaria, Ruairi Kelly (SNP) Glasgowko Udaleko zinegotzia, Jabiera Manzi Txileko mugimendu konstituziogileko ordezkaria eta Jesper Kiel Kopenhageko aliantza gorri-berdearen arduradunak gonbita jaso dute.

Era berean, David Payot Lausanneko alkateordea, Sandra Castro (ERC) Lleidako alkateordea, Francisco Garcia (BNG) Allarizeko alkate ohia eta Selmi Holopainen Turkeko (Finlandia) Udalaren zinegotzia biltzarrean izango dira.