KONFERENTZIA MUNIZIPALISTA
Alkorta: "EH Bilduko alkateon eta zinegotzion egiteko moduak eraman gaitu lehen indar munizipalista izatera"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EiTB Media
Azpeitiko alkateak eman dio hasiera EH Bildu egiten ari den Konferentzia Munizipalistaren bigarren egunari. Koalizio abertzalearen udal politikagintza goraipatu du eta "erlojuak sinkronizatzeko" deia egin die udal ordezkariei.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak egin du EH Bildu Iruñean, Refenan, ospatzen ari den I. Konferentzia Munizipalistaren bigarren eguneko sarrera hitzaldia. "Sarritan ahaztu egiten zaigun arren, lehen indar munizipalista gara. Hori lortzea ez da samurra eta gauza bat esango dizuet, gehiago izango gara laster" iragarri du, EH Bilduren egiteko moduak goraipatuz: "EH Bilduko udal hautetsien egiteko modua bereizgarri bat da. Hori da besteengandik bereizten gaituena. EH Bilduko alkateok herritarrekin batera gobernatzen dugu. Elkarlana bultzatzen dugu eta desberdinekin lan egin eta adostasunak lortzeko gaitasuna dugu".
Koalizio abertzaleak 1.100 alkate eta zinegotzi dituela Euskal Herrian gogoratu du Alkortak eta Gares, Durango, Errenteria zein Galdakao aipatu ditu "herritarren ekarpenei bide ematearen, elkarlanaren eta desberdinekin adostasunak lortzearen" adibide gisa.
Garai zailetan, pandemiak bete-betean jo gaituenean, adibidez, "atzean inor ez uzteko eta herritar ororen oinarrizko eskubideak bermatzeko" lan egin duela EH Bilduk defendatu du Alkortak, "herritar ororen bizi kalitatea handituz eta gure udalerrietan punta-puntako zerbitzu publikoak izatea defendatuz".
.@alkorta_nagore: «Herritarrek eskertzen eta saritzen dute EH Bilduko alkateon eta zinegotzion egiteko modua. Saritzen eta eskertzen dute udalerri hobeak egiteko erakutsitako konpromisoa. Hori da besteengandik bereizten gaituena».
— EH Bildu (@ehbildu) May 28, 2022
Gehiago izango gara laster!#EuskalEreduaEginez pic.twitter.com/9DoK09voOy
"Bizi dugun garaiotan, hau da behar dugun eredua herri bezala ditugun erronka kolosalei aurre egin ahal izateko" aipatu du Azpeitiko alkateak eta ondoko gaiak aipatu ditu: Krisi klimatikoa, trantsizio digitala, erronka demografikoa, zaintza eredu publiko eta unibertsala, etxebizitzaren arazoa…" Gauzak horrela, "erlojuak sinkronizatu eta elkarrengandik ikasteko" deia egin die Iruñean elkartu diren udal hautetsiei, "urteetan pilatutako kapital hori guztia elkarri zabaldu eta Euskal Herriari proiektu munizipalista hobe eta eraginkorrago bat eskaintzeko".
Atzo, jardunaldien hasiera hitzaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koorndinatzaile nagusiak "EH Bildu beste demokrazia eredu batean liderra" dela defendatu zuen. "Iraultzak eta eraldaketak Twitterren egiten direla uste dute askok, guk uste dugu egun guztietan egiten direla, erabakiak jendartearekin hartuz" eta "jendearengandik gertuen dauden erakundeetan, udaletan", azpimarratu zuen.
Hain zuzen ere, "Nola egin aurre gizateriaren historian hain berezia den une historiko berezi honi?" Galdera abiapuntuan hartuta, EH Bilduk eraiki nahiko lukeen etorkizuneko herri proiektu berrirako zedarriak bildu ditu koalizio abertzaleak, 'Euskal Eredua. Herri Hobe Baten Alde' goiburupean landu duen txostenean.