EITB FOCUS
EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak EAEko hiriburuetan, 2019an baino babes handiagoa jasota
I.G. | eitb media
EH Bilduk gora egingo luke modu orokorrean eta, beste aldean, Elkarrekin Podemosek zein PPk behera egingo lukete, gaur EITBk hedabide guztietan jaso duen boto asmoari buruzko EITB FOCUS inkesta berriaren arabera.
IDEIA NAGUSIAK
-EAJ eta EH Bilduk gora, PSE-EEk mantendu eta Elkarrekin Podemosek zein PPk behera egingo lukete
-EAJk eta EH Bilduk antzeko emaitza izango lukete Gasteizen, botoen % 1,8ko aldearekin
-Aburtok gehiengo osoa eta notarik altuena lortuko luke balorazioan
-EAJk alkatetzak izango lituzke, duela lau urteko akordioak errepikatuz gero
-Hiru hiriburuetako alkateek bostetik gorako nota lortuko lukete
Eusko Alderdi Jeltzaleak udal hauteskundeak irabaziko lituzke EAEko hiru hiriburuetan, duela lau urte baino babes handiagoa eskuratuta, bereziki Bilbon eta Donostian, orain hauteskundeak egingo balira, EITB Taldeak egindako hogeita zazpigarren makroinkestaren arabera.
EITB FOCUS azken inkesta udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean egin da. 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko lirateke bozketak. Gaur, EITBk inkesta honen lehen zatia argitaratu du.
-BILBO: Berritasun handiena Bilbon izango litzateke, EAJk gehiengo osoa lortuko bailuke bertan, 15 zinegotzirekin. Ondoren, PSE-EEk bost ordezkari lortuko lituzke, EH Bilduk 4, Elkarrekin Podemosek 3 eta PPk 2.
-GASTEIZ: Hiriburu arabarrean, EH Bilduk aurreko hauteskundeetan baino zinegotzi bat gehiago lortuko luke, EAJk erdietsiko lituzkeen ordezkari kopuruarekin parekatuta: 7na zinegotzi. EAJk ere igo egin du boto asmoan, aurrekoekin alderatuta.
-DONOSTIA: Gipuzkoako hiriburuan, jeltzaleek 11 ordezkari zenbatuko lituzkete (2019an baino bat gehiago), EH Bilduren aurretik. Koalizio abertzaleak ere aurrekoetan baino zinegotzi bat baino gehiago lortuko luke, 6tik 7ra igota.
Metodologia
Ikerketa hau burutzeko erabilitako metodologia kuantitatiboa izan da, telefono bidezko elkarrizketa teknikaren bidez. Ikerketa teknika honek proposatutako helburu guztiei erantzuna ematea ahalbideratzen du eta balio eta fidagarritasun handiko emaitzak jasotzen direnez eraginkortasunez aritzeko aukera ematen digu.
Ikerketaren unibertsoa: EAEn bizi diren 18 urtetik gorako gizabanakoak osatzen dute; Landa-lana 2022ko maiatzaren 5etik 12ra burutu zen. Laginketa geruzatu bat burutu da, kuotekiko proportzionala den finkapenarekin hau ere metolodolgia kuantitatiboa erabiliz burutu da.
Fitxa teknikoa
EAE-n bizi diren 1.750 pertsona (400 Gasteiz-en eta 150 Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400 Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan). La= ±% 2,34 konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5 EAE-ko datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, ±% 4,00 Bizkaiko datuetarako, ±% 4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,90 Gasteizko datuetarako, ±% 4,90 Bilboko datuetarako eta ±% 4,90 Donostiako datuetarako. Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Inkesten % 26,9-a euskaraz egin dira eta gainerako % 73,1-a gazteleraz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak. Landa-lana 2022ko maiatzaren 5etik 12ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 5,31 minutukoa izan da, motzenak 4 minutu eta luzeenak 18 minutu iraun dutelarik