EITB FOCUS
EAJk gehiengo osoa lortuko luke Bilbon
Iker Gonzalez | eitb media
Jeltzaleen hautagaitzak 15 zinegotzi lortuko lituzke, hori dela eta, ez luke akordioak lortzeko beharrik izango alkatetza eskuratzeko. PSE-EEk babesa galduko luke, nahiz eta bigarren indarra izateari eutsiko liokeen, baina EH Bildurekiko ia parean geratuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk gehiengo osoa izatea lortuko luke Bilbon, 15 zinegotzirekin, 2019ko udal hauteskundeetan jasotako babesa % 3,6 gehiago handituta.
Hala dago jasota EITB Taldeak egindako hogeita zazpigarren makroinkestan. EITB FOCUS azken inkesta udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean egin da, 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko bailirateke bozketak.
Herritarren erantzunen arabera, berritasun handiena hiriburuen artean hiribildu bilbotarrean emango litzateke, EAJk gehiengo osoa lortuko luke eta, aurrekoetan baino zinegotzi bat gehiago zenbatuta. Gainera, botoen % 46,7 eskuratuko lituzke, aurrekoan jasotako % 43,1arekin alderatuta.
Boto asmoa Bilbon
Ondoren, bigarren indarra PSE-EE litzateke, 5 ordezkarirekin; hirugarrena, EH Bildu, 4rekin; eta laugarrena Elkarrekin Podemos, 3rekin. Hiru talde horiek mantendu egingo lituzkete, horrela, aurreko hauteskundeetan jasotako zinegotzi kopuru bera, baina hiru kasuetan botoen ehunekoan behera eginda.
PPren ordezkari kopurua jaitsiko litzateke, 3tik 2ra, eta ez Voxek ezta C's-ek ere ez lukete ordezkaritzarik lortuko Udalean. Halere, Voxek % 1,2tik % 3ra gora egingo egingo luke.
Zinegotziak alderdika
Balorazioa
Juan Mari Aburto alkateen artean notarik altuena jaso duen alkatea da, 10etik 6,5 jasota. Halaber, EITB FOCUSen parte hartu duten pertsonen % 95,2k adierazi du alkatea ezagutzen duela.
Egindako kudeaketari dagokionez, Bilbo da notarik altuena jaso duen hiria eta 5etik gorako erantzun gehien jaso dituena hiru hirien artean. Zehatz-mehatz, % 86k ontzat ematen du Bilboko Udalak egindako kudeaketa, 6,6ko batez besteko notarekin.
Alkateen balorazioa
Kontsulta itzazu hemen Gasteizeko emaitzak, eta Donostikoak hemen.
Metodologia
Ikerketa hau burutzeko erabilitako metodologia kuantitatiboa izan da, telefono bidezko elkarrizketa teknikaren bidez. Ikerketa teknika honek proposatutako helburu guztiei erantzuna ematea ahalbideratzen du eta balio eta fidagarritasun handiko emaitzak jasotzen direnez eraginkortasunez aritzeko aukera ematen digu.
Ikerketaren unibertsoa: EAEn bizi diren 18 urtetik gorako gizabanakoak osatzen dute; Landa-lana 2022ko maiatzaren 5etik 12ra burutu zen. Laginketa geruzatu bat burutu da, kuotekiko proportzionala den finkapenarekin hau ere metolodolgia kuantitatiboa erabiliz burutu da.
Fitxa teknikoa
EAE-n bizi diren 1.750 pertsona (400 Gasteiz-en eta 150 Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400 Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan). La= ±% 2,34 konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5 EAE-ko datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, ±% 4,00 Bizkaiko datuetarako, ±% 4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,90 Gasteizko datuetarako, ±% 4,90 Bilboko datuetarako eta ±% 4,90 Donostiako datuetarako.
Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina. Inkesten % 26,9-a euskaraz egin dira eta gainerako % 73,1-a gazteleraz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak. Landa-lana 2022ko maiatzaren 5etik 12ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 5,31 minutukoa izan da, motzenak 4 minutu eta luzeenak 18 minutu iraun dutelarik.