Itxi

Oroimena eta Bizikidetza

'Oroimena ez da bateragarria gorrotoarekin'

David Perez

Terrorismoaren hiru biktimak bizikidetzari buruz duten ikuspuntua azaldu dute Biltzarreko lehen mahainguruan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarraren lehen hitzaldiak terrorismoaren hiru biktimak eman dituzte.

"Biktimak, lekukotasuna eta elkarbizitza" lelopean, hiru biktimek bizikidetzaren inguruan duten ikuspuntua azaldu dute, eta itxaropentsu agertu dira etorkizunaren aurrean.

Hitz egiten lehena Iñaki Garcia Arrizabalaga izan da, hots, Komando Autonomo Antikapitalistek 1980an hildako Juan Manuel Garcia Cordero Telefonicako delegatu zenaren semea. ETAko preso disidenteekin aurrez aurre batzartu den biktimetako bat ere bada.

Iñaki Garciak adierazi du ez duela inoiz ahaztuko aita bahitu eta hil zuten eguna, "baina egun, esan dezaket oroimena ez dela bateragarria gorrotoarekin, erreminarekin eta mendekuarekin".

Hori horrela, ohartarazi du ez dela "kontaketa bakarra eraiki behar", eta onartu behar dela "egia asko" daudela, betiere kontakizunen helburua "egia eta justizia" badira.

Horren ildotik, "ulergarri"tzat jo du GALen biktimek hilketa horiek argitzea eskatzea. "Oroimena egia horiek aintzatestea ere bada; ez dut memoria osatugabe bat egiten lagundu nahi", gaineratu du.

Garciaren esanetan, "biktimak garen heinean, ordaintza, justizia eta memoria aldarrikatzeko eskubidea dugu, baina ez daukat inolako zilegitasun plusik Estatuari espetxe politikak nolakoa izan behar duen esateko". Izan ere, "biktimek ez dute Zuzenbide Estatuan esku hartu behar", iritzi dio.

ETAko preso disidente batekin izandako bileraren harira, Garcia Arrizabalagak azaldu du "pertsonek beste aukera bat merezi dutela uste dudalako" joan zela, eta ekimena biktima guztientzat "positiboa" izan zela.

Halaber, duela "10-15 urte" antzeko ekimenak egin zituztela jakinararazi du.

Carmen Hernandez 2000ko ekainaren 4an ETAk Durangon hildako Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotzi zenaren alarguna da.

Haren hitzak barkamenari buruzkoak izan dira. "Hasiera-hasieratik argi izan nuen barkatzeko gai izan behar nuela, nire buruarekin ondo sentitzeko. Gorrotoak eta erreminak norberari egiten diote kalte, erasotzaileari baino".

Nolanahi ere, argi utzi du biktimei ezin zaiela eskatu barkatzea. "Norberaren erabakia izan behar du", nabarmendu du.

Hernandezek kritikatu egin du hainbat sektoretan "presa gehiegi" dagoela normalizazioa eraikitzeko, "baina urratsez urratz egin behar da, denbora behar da".

Jesus Mari Pedrosaren alargunak aitortu du "itxaropena" nagusitu dela ETAk indarkeriaren amaiera iragarri eta gero. "Justizia egon behar da, akatsetatik ikasi etorkizunean ez errepikatzeko".

Hitzaldian, senarraren hilketaren testuingurua azaldu du, eta gizartetik alboratuta sentitu zela: "Bakarrik sentitu nintzen, badirudi jendea ohitu egiten dela. Bat-batean, zurekin hazi den jendeak agurtzeari uzten diote".

Haren kontakizunean hedabideek ere ez zutela egoki jokatu sumatu daiteke. Bi ideia: hilketaren berri irratian izan zuen ("Polizia etorri zenean jakin banekien senarra hil zutela") eta atentatuaren ostean "jazarpena" pairatu zuela ("Anonimo izatetik erdigunea izatera pasatu nintzen").

Hain zuzen ere, hedabideen papera bihar hartuko dute hizpide, 10:00etan hasiko den mahainguru batean.

Azken hizlaria Joaquin Vidal Terrorismoaren Biktimen Federazio Autonomikoen presidentea izan da. 1991n, zauritu egin zen ETAk Sevillako espetxearen aurka egindako atentatu batean.

Vidalek goratu nahi izan du biktimak "oso eskuzabal" izan direla, asko sufritu badute ere, ez baitira "inoiz mendekatu".

Biktima honen ustez, ezker abertzaleak emandako pausoek "baieztatu" egiten dute "Zuzenbide Estatuak duela arrazoia". Horrenbestez, indarkeria erabili dutenei "akatsa aitortzeko" dei egin die.

Horren ustez, bizikidetza behar-beharrezkoa da, eta zeregin horretarako, gizartearen pentsaera "berriz egituratu" beharko da.

"Andaluzian esaten dugun moduan, ongi konpon gaitezen elkarren artean", nabarmendu du.

Biltzarraren hurrengo mahaingurua 18:00etan hasiko da, eta bertan Isabel Allende senatari txiletarrak eta Shlomo Ben Ami Israelgo Atzerri ministro ohiak hartuko dute parte.

Hitzaldi guztiak eitb.com-en jarrai ditzakezu, zuzenean streaming bidez.

Albisteak (1)

Bideoak (1)