Itxi

Eusko Legebiltzarra

"Tratu umiliagarriak" ikertzeko orduan Ertzaintzaren "gabeziak" salatu ditu Arartekoak

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Ertzain etxeen barruan egindako grabazioak eskuratzeko arazoak aipatu eta, denbora bat igarota, haiek "ezabatzen" dituztela esan du Manu Lezertuak.

Ertzaintzaren ibilgailu bat. Artxiboko argazkia: EFE

"Aspalditik", "tratu umiliagarriak" ikertzeko orduan, Ertzaintzak dituen "gabeziak" salatu ditu Manu Lezertua Arartekoak. Ertzain etxeen barruan egindako grabazioak eskuratzeko arazoak aipatu eta, denbora bat igarota, haiek "ezabatzen" dituztela esan du.

Lezertuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. 2021eko txostena aurkeztu du Arartekoak. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuarekin biltzeko aukera aztertzen ari dela aurreratu du, arazoak "konpontzeko nolako jarrera duen" egiaztatzeko.

Urtean zehar, "noizean behin", erakundeak kexak jaso dituela dio txostenak; "polizien ekintzaren batean, kalean jarritako bideokameren grabazioak eskuratzeko arazoak azaltzen dituzte pertsonak, defentsa juridikoa aurrera eramateko helburuarekin, ertzainekin desadostasunak dituztenean", hain zuzen ere.

Nahiz eta txostena iragan martxoan jakitera eman, Arartekoak sakondu behar izan du asteazken honetan, Legebiltzarreko taldeen galderei erantzuteko.

Ertzaintzak "bere burua ikertzeko zailtasunak" ditu

Zentzu horretan, Ertzaintzak, gainerako poliziek bezalaxe, "bere burua ikertzeko zailtasunak" ditu, ziurtatu duenez.

Pertsona batek ertzain baten eskutik "tratu umiliagarri edo irainak" salatzen dituenean, "sakonago" ikertzeko beharra nabarmendu du Lezertuak.

"Kasu bereziki larriak" daudela salatu du Arartekoak, horietan "sexu-erasoa edo tratu txarrak salatu nahi dituen pertsonak jasotako arreta defizitarioa izan da".

Lezertuaren hitzetan, kasu horiek "zergatik" gertatzen diren jakitea beharrezkoa da; horretarako, protokoloak daudelako, beste egoera batzuetan "eskainitako arreta oso ona" izan dela jakinda.

Arartekoak kasu horiek "ikertzea" eta "beharrezkoa denean zigortzea" eskatu du.

Gainera, 2011an berme sistemaren inguruan aholku sorta eman zuela gogorarazi du. Agiriko praktikak martxan jartzeko "denbora asko" behar izaten ari direla deitoratu du.

"Gauza batzuk lortu dira, baina arazoak daude"

"Gauza batzuk lortu dira, baina arazoak daude", adierazi du. Zentzu horretan, komisaria barruko grabazioak eskuratzeko arazoak bildu ditu 2021eko memorian.

Azken urteetan, "behin baino gehiagotan", beste arazo baten inguruan ohartarazi du Arartekoak, Lezertuak erantsi duenez. Grabazio horiek zenbat denboraz gordetzen diren galdetu du. Bideoak grabatzen dira, baina grabazio zehatz bat eskatzen denean, "dagoeneko ezabaturik" egotea gertatu izan dela kritikatu du.

Egoeraren aurrean, Legebiltzarrean agerraldi berezi bat egitea planteatu du Arartekoak, gaiaren inguruan informatzeko edo gomendio orokor bat emateko.

Era berean, lehenengo pausoa Segurtasun sailburuari bilera bat eskatzea izan daitekeela ean du, "denbora luzez ikusi ditugun hutsuneak zuzentzeko orduan haren jarrera zein den egiaztatzeko".