ELKARRIZKETA ETB1-EN
Iker Casanova: "Ezker subiranistaren gazteak ez daude banatuta"
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Donostian Gazte Asanbladaren eta Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) artean izandako liskar eta erasoen aurrean, EH Bilduren legebiltzarkideak esan du larria dela gertaturikoa "batzuen partetik erantzun oldarkorra eta erasotzailea bultzatu delako".
Donostiako Alde Zaharrean urak harrotuta daude Gazte Asanbladaren eta Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) artean. Aurreko astean, Kijera gaztetxean zegoen materialaren harira liskarra izan zuten eta pasa berri den asteburuan, ostera, erasoak izan dira. Gazte Asanbladak salatu duenez, GKSren inguruko hogei lagun inguruk bi pertsonari eraso egin zieten. Gazte Koordinadora Sozialistatik diote, berriz, kide bati etxera jarraitu eta jipoia eman ziotela.
Donostian Gazte Asanbladaren eta Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) artean gertatutakoa larria dela azpimarratu du Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak, besteak beste, "batzuen partetik erantzun oldarkorra eta erasotzailea bultzatu delako". ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, Casanovak ezker subiranistatik kanpo kokatu du GKS: "Ezker subiranistatik kanpo badaude antolatutako gazteak, ez da barne liskar bat". Are gehiago, argi eta garbi utzi nahi izan du ezker subiranistaren gazteak ez daudela banatuta.
Edozein kasutan eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladak eta auzoko beste eragile batzuek egindako deialdiarekin bat eginez, desadostasunak elkarrizketaren bitartez eta bide baketsuetatik konpontzea eskatu du.
.