Senatua
Espainiako Gobernuak uko egin dio GALen eta BVEren biktimei ukatutako kalte-ordainak berriro aztertzeari
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Exekutiboak legez jardun duela uste du Pedro Sanchezek; ondorioz, "ez dago azterketa berri bat egiterik". Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak gobernuburuaren erantzuna deitoratu du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernurko presidenteak astearte honetan ziurtatu duenez, Exekutiboak ez ditu Grupo Antiterrorista de Liberacion (GAL) eta Batallon Vasco Español (BVE) taldeen biktimei ukatutako kalte-ordainak berriz aztertuko, Espainiako zein Europako auzitegiek erabakia berretsi zutelako.
Sanchezek Estefania Beltran de Heredia EAJko parlamentariaren galderari erantzun dio Senatuan. Zigorturik ez dauden GAL, BVE eta eskuin muturreko taldeetako biktimen aitortza eta kalte-ordaina ukatzea berriz aztertuko ote duten galdetu dio jeltzaleak.
EAJko senatariaren hitzetan, kalte-ordaina eskatu zuten pertsona batzuk diskriminatu dituzte. "Ez dituzue biktimak berdin tratatu", esan du Beltran de Herediak. Eskatzaile asko ez dituzte zigortu, eta erreparazio eskubidea dute, gogorarazi duenez.
Hala ere, Sanchezek argi utzi nahi izan du Espainiako Exekutiboak legez jardun duela, Auzitegi Nazionalak zein Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baieztatu dutenez; ondorioz, "Espainiako Gobernuak ez du azterketa berri bat egiterik".
EAJko senatariak, ordea, erantzuna entzutea deitoratu du. Egoera "bidegabeak" zuzentzea Exekutiboaren esku dagoela errepikatu du jeltzaleak.
Hala ere, Justiziak Barne Ministerioaren ukapenak berretsi zituela azpimarratu du Sanchezek; are gehiago, eskatzaileak prozesu-kostuak ordaintzera zigortu zituen.
"Eskakizunak atzera botatzea legezkoa da. Espainiako Gobernuak hala uste du. Justiziak irmo egin dituen ekintza administratiboak aztertzerik ez dago", erantsi du.
Delitu larriengatik kondenatuak izan ez diren GALen eta eskuin muturreko taldeen ekintzen ondoriozko biktimak terrorismoaren biktimatzat aitortzeko eskatu dio EAJ-PNVko Estefanía Beltrán de Herediak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. https://t.co/cJtgfBh1NM pic.twitter.com/WrpDlUQPPr
— EAJ-PNV Senatua (@eajpnvsenatua) June 7, 2022