Itxi

Hauteskundeak

Atzerrian bizi diren hautesleen botoa emateko prozedura aldatu du Kongresuak

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Atzerriko boto-emaileen parte-hartzea errazteko neurriak onartu ditu Ganberak. Uda ostean indarrean egotea espero da.

Artxiboko argazkia: EFE

Atzerrian bizi diren hautesleei eskatzen zaien boto erregutua desagertzea onartu du Diputatuen Kongresuak. Duela 10 urte eskatzen zaie, eta Andaluziako hauteskundeetan oraindik aplikatuko da, ekainaren 19an.

Atzerriko boto-emaileen parte-hartzea errazteko neurriak onartu ditu Ganberak, eta uda ostean indarrean egotea espero da.

2011an, emigratzaileen boto irregulartasunen salaketak pilatu ondoren, Galiziako hauteskundeetan bereziki, alderdi nagusiek sistema bat adostu zuten. Horren arabera, atzerrian bizi diren hautesleek botoa askoz ere lehenago eskatu behar dute, boza eman ahal izateko.

Boto erregutuaren sistema PP, PSOE, EAJ eta CiUk adostu zuten. Neurriak iruzur susmoekin berehala amaitu zuen, baina atzerriko hautesleen parte-hartzea nabarmen jaitsi zen. Urteak pasa ahala, erreforma haren bultzatzaileak damutu dira, eta atzera egitea erabaki dute.

2021eko otsailean Espainiako koalizio Gobernuko bi kideek, PSOEk eta Unidas Podemosek, lege-proposamena aurkeztu zuten. Hala ere, ekimena izozturik egon da iragan apirilera arte. Azken asteetan, testua moldatu dute, PPrekin eta oposizioko beste talde politiko batzuekin adostutako zuzenketen bidez.

Prozesuan, botoa emateko eskubidea 16 urtera jaistea edo hauteskunde sistemaren proportzionaltasuna berriz aztertzea baztertu dute diputatuek.

Ebazpenaren bozketan, PSOE, PP, Vox, Unidas Podemos, Ciudadanos eta EAJk aldeko botoa eman zuten; ERC, EH Bildu eta Junts abstenitu ziren. Ostegun honetako bozketan, ordea, independentistek aldeko botoa eman dute, BNGk izan ezik.

Prozedura berriaren arabera, atzerrian bizi diren hautesleek boto-txartelak Internet bidez deskargatu ahal izango dituzte, eta hauteskunde agiriak lehenago bidaliko zaizkie.