Ikerketa
2001etik argitu gabe zegoen bi ertzainen hilketa Mikel Karrera ETAko buruzagi ohiari egotzi die Ertzaintzak
EITB Media
Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi ertzainen hilketaren egile materiala hura dela ondorioztatu ahal izan du Ertzaintzak, 21 urteren ostean, aurrerapen zientifikoei esker.
ETAk duela 21 urte egindako eta orain arte argitu gabe zeuden bi hilketaren egile materiala identifikatu ahal izan du Ertzaintzak hilabete honetan, aurrerapen zientifikoei esker, EITB Mediak jakin izan duenez. Hain zuzen ere, Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi ertzainak Mikel Karrera ETAko buruzagi ohiak hil zituela ondorioztatu ahal izan dute ikerlariek orain.
Polizia autonomikoak dagoeneko helarazi dio informazioa Auzitegi Nazionalaren 6. Instrukzio Epaitegiari. Dena dela, ikerketa abian da oraindik, uste baitute atentatu horretan pertsona gehiagok hartu zutela parte.
Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi ertzainak 2001eko azaroaren 23an hil zituen ETAk, bizkarrean tiro eginez, Beasaingo Senpere kalean zirkulazioa bideratzen ari zirenean.
Atentatua gertatu eta bi egunera, Ertzaintzak topatu egin zuen ETAk atentatuan erabili zuen autoa, eta indargabetu egin zuen ibilgailua eztandarazteko jarri zuten lehergailua. Horrela, hainbat froga eta lagin genetiko atzeman ahal izan zituzten.
Orain, auzitegi-genetikaren alorrean egindako aurrerapenei esker, ikerlariek ondorioztatu ahal izan dute atentatuaren egile materiala Mikel Kabikoitz Karrera Sarobe ETAko buru ohia dela. Horren ildotik, Ertzaintzak 21 urtez gorde duen ADN lagin baten kointzidentzia batek positibo eman duelako egin ahal izan dute.
Egun, Karrera Sarobe biziarteko espetxe zigorra betetzen ari da Frantzian, 2007an Capbretonen bi guardia zibil eta 2010ean Jean-Serge Nerin jendarmea hiltzeagatik.
1982an Ertzaintza sortu zenetik, ETAk 15 agente hil ditu.