Pablo Gonzalez
Goiriena: "Ezin dut ulertu nola babes daitekeen nik senarrarekin ezin hitz egitea"
O. P. | EITB Media
Pablo Gonzalezen emazteak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, kazetariarekin zuzenean komunikatzeko aukerarik gabe jarraitzen dute hainbat aitzakia tarteko. Kontsularen lana eskertu du, eta azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Oihana Goiriena Pablo Gonzalez kazetariaren emaztea eta Gonzalo Boyé abokatua Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur Europako Gaietarako eta Kanpo Harremanetarako Batzordean, otsailaren 28tik Polonian atxilotuta dagoen kazetariaren egoeraren berri emateko.
Hitza hartzean, Eusko Legebiltzarrari eskerrak eman dizkio Oihana Goirienak gonbidapenagatik eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek maiatzaren 26an kazetariaren aurkako behin-behineko espetxealdiaren erabilera neurrigabea salatzeko onartu zuten adierazpenagatik. Jakinarazi duenez, senarra atxilotu zutenetik lau hilabete igaro direnean, egoera berdina da oraindik familiarentzat, "berarekin zuzenean komunikatu ezinik jarraitzen dugu, eta nire semeek ezin dute aitarekin hitz egin".
Goirienak azaldu duenez, komunikazio hori ukatzeko aitzakiak edo arrazoiak aldatu egin dira hilabete hauetan zehar. Hasieran, Espainiak Polonian zuen kontsulak esaten zion Polonian burokrazia oso motela zela, eta Gonzalezen abokatu poloniarrak iradokitzen zion agian bera ere inplikatuta egon zitekeen susmoa zutelako izango zela. Orain, ordea, poloniar-espainiar aldi bereko itzulpenik ez egotea da arazoa, esan diotenez. "Zentzugabea eta eskandalagarria da, baliabide teknologikoak daudelako; borondate politikoa da falta dena, eta hori salagarria da", ziurtatu du Goirienak.
Hilabete hauetan kontsulak egindako lana eta haren partetik jasotako arreta azpimarratu du; izan ere, "hasieran eskaerak edo hitzorduak kudeatzeko funtzioak betetzera mugatzen zen", denboraren poderioz eta blokeoa ikusita, "auzi pertsonal gisa hartu du" eta kazetariaren eta familiaren arteko bitartekari lanak egiten ari da. Guztiaren berri ematen dio, eta Pablorekin izan orduko ematen dio haren inguruko informazioa "egunean bertan eta zuzenean, eta hori eskertzekoa da, oso lagungarria da. Nire senarrarekin komunikatzeko izan dudan bide zuzen eta fidagarriena da". Kontsulak orain arte hiru bilera izan ditu Gonzalezekin, azkena maiatzaren 17an, eta, beraz, laster beste topaketa bat izatea espero du Goirienak.
Kazetariaren emazteak adierazi duenez, argi izpi bakarra senarrarengandik jaso dituen bi gutunak dira, baina komunikazioa bi hilabeteko atzerapenarekin dator; izan ere, gutunak, apirilekoak izanda, ekainaren hasieran iritsi ziren.
Bartosz Rogala Pablo Gonzalezen abokatu poloniarrari dagokionez, Gorienak azaldu du astero komunikatzen dela harekin, baina komunikazioa ez dela "oso erraza"; gainera, ezin dio kasuari buruzko xehetasunik eman, "debekatuta duelako horri buruz hitz egitea".
Goirienak inolako azalpenik ez ematea aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari. "Ulertzen dut lan diplomatiko isilak egiten aritzea, baina jaso dugun mezu bakarra komunikabideen aldetik jaso duguna izan da, Espainiak babestu egiten duela Poloniaren erabakia. Eta nik ezin dut ulertu nola babestu daitekeen nik nire senarrarekin hitz egin ezin izatea". Goirienak azalpena merezi duela uste du: "Nahiz eta modu pribatuan, sekretuan eta munduko diskrezio guztiarekin izan, eskertuko nuke azalpen bat, Estatuak egin duenaren, espero dezakedanaren edo Poloniaren aldetik jaso duten erantzunaren inguruan", adierazi du.
Kontsulak emandako informazioaren arabera, Pablo Gonzalez osasunez ondo dago, eta, 20 kilo galdu duen arren, kirola egiten du, idazten eta irakurtzen ematen ditu orduak eta "baikor" dago; bi urtez epaiketa baten zain egon daitekeela jakin arren, "energiaz" egiten dio aurre.
Gonzalo Boyé abokatuak berretsi duenez, Pablo Gonzalezen egoerak "ez du betetzen Europar Batasunak ezarritako baldintzetako bakar bat ere, bermedun prozesutzat hartua izateko". Azpimarratu duenez, "egoera guztiz anomaloa da", eta Gonzalezen eskubideak bermatzeko "interesik, kezkarik eta jarduerarik eza" aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari.