Itxi

Eusko Alkartasuna

Gasteizko epaitegi batek bertan behera utzi ditu EAren XIII. Kongresua eta bertan egindako izendapen guztiak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Arabako hiriburuko epaitegi batek Eusko Alkartasunak otsaileko 19an eta 20an egindako Kongresu Nazionalean adostutako akordio guztiak bertan behera uztea erabaki du.

Eba Blanco, otsaileko Kongresuan. Argazkia: EFE.

Gasteizko Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegiak bertan behera utzi ditu 2022ko otsailaren 19an eta 20an egindako Eusko Alkartasunaren Kongresu Nazionala eta bertan adostutako izendapen guztiak, EAren kritikoek ohar bidez astearte honetan jakitera eman dutenez.

Kongresua, iturriaren arabera, "boto telematikoaren bidez egin zen, haren zilegitasuna bermatzeko araudirik edo antolamendurik gabe". Hala, "epaileak irregulartasunak ikusi ditu, hainbat afiliatuk ohartarazi zuten bezala. Eba Blancoren Zuzendaritza ere kostuak ordaintzera kondenatu du", dio oharrak. Eba Blanco alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten berriro otsaileko Kongresuan.

Kritikoek diotenez, "Eusko Alkartasunaren Kongresurako konpromisario hautetsiek, parte hartzea galarazi zitzaienek, otsailean egindako XIII. Kongresu Nazionala inpugnatu zuten, eta, Eba Blancoren Zuzendaritzak egindako irregulartasun larriengatik, demanda judiziala jarri zuten, bertan hartutako erabakiak bertan behera uzteko kautelazko neurriak hartzeko eskatuz". Gasteizko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiak, orain, "onartu egin du hori, irregulartasun horiek agerian uzteagatik".

"Garrantzi handiko ondorioak"

Testuinguru horretan, jarraitzen du oharrak, "263/2022 autoaren berehalako ondorioak garrantzi handikoak dira EAren baitan, bertan behera geratzen baitira otsailean onartutako Estatutu berriak eta Kongresu horretan egindako izendapen guztiak, eta, beraz, indarrean jarraituko lukete Kongresuaren aurretik Nazio Batzorde Eragilea, Kontseilu Nazionala, Berme Batzordea eta Batzar Nazionala osatzen zuten pertsonen izendapenek".

Berriz ere, dio oharrak, "auto judizial batek Eba Blanco alderdiko idazkari nagusi izendatzea baliogabetzen du; gogoratu behar da Epaitegiak 2019ko primarioak errepikatzera behartu zuela Eusko Alkartasuna. Primario horietan Maiorga Ramirez bidegabe alboratu zen, parte hartzeko duen oinarrizko eskubidea urratuz eta Blanco idazkari nagusi izendatuz. Oraingo honetan, baliogabetzea bere talde osoari zabaldu zaio, horietako asko izaera profesionalarekin liberatuak, hala nola Iker Ruiz de Eguino, arlo juridikoko arduraduna eta bozeramailea, edo Asier Gomez Barrenetxea, Komunikazio idazkaria".

Kritikoen iritziz, autoak agerian uzten du, "bereziki, Leire Pinedoren lana, Eba Blancorekin batera EH Bilduko legebiltzarkide denarena, berak zuzendu baitzuen irregulartasunengatik orain baliogabetu den Kongresua". Era berean, "Eba Blancok Garaikoetxearen sektoreko arduradunak zirenak kendu ondoren ipinitako lurralde- eta toki-arduradunen izendapen guztiak indarrik gabe geratu dira, eta, berriro, aldez aurretik afiliazioak berak zuzenean aukeratutakoak beraien arduretara itzuliko dira, Garaikoetxearen sektorekoak baitira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako arduradunak (Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteiz), baita Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako arduradunak ere".

Iturriak oharrean dioenez, "Eba Blancoren sektoreak, orain arte, Epaitegietan esaten zuen EAk jada ezin zuela idazkari nagusia aukeratu primarioen prozeduraren bidez, orain baliogabetutako Kongresuan Idazkaritza Nagusia primarioen bidez hautatzeko prozedura kendu zelako. Argudio hori indarrik gabe geratu da, orain indarrean dauden Estatutuetan, 2017koetan alegia, primarioak alderdiko burua hautatzeko modu gisa jasotzen baitira. Behin eta berriz eskatu zuten hori 2019ko ekainean Pello Urizarren dimisioaren ondoren Maiorga Ramirez abalatu zuten 400 afiliatuk baino gehiagok, eta alderdiaren burua aukeratzeko afiliatu guztiek zuzenean parte hartu zezaten eskatu dute (afiliatu bat, boto bat), baita EH Bildun EAren papera zein izan beharko litzatekeen gardentasunez adostea.

Autoak "eragin zuzena duela EH Bilduko organoen eraketan, eta hauteskunde-zerrendak egiteko osatu diren organoetan; izan ere, Eba Blancok Garaikoetxearen sektoreko pertsona guztiak kanporatu zituen horietatik, eta Sortuk eta EH Bilduk onartu zuten hori, baina orain zuzendu egin beharko da, Blancok egindako izendapenak baliogabetuta baitaude, berea baliogabetuta dagoelako".

Azkenik, "Garaikoetxea lehendakariaren inguruan lerrokatzen den sektoreak zuhurtziaz jokatzeko eskaera egiten du eta sortutako egoera ez luzatzeko deia egin du, Blancoren Zuzendaritzak errekurtso amaigabeak erabiltzen baititu horretarako. Baliozko irtenbide bakarra afiliazioari ahotsa ematea da, modu gardenean, eta alderdi barruan purga ideologikoarekin behingoz amaitzea. EH Bildurekiko harremanari buruz dauden jarrera ezberdinak afiliazioak ebatzi behar ditu, jazarpenik gabe eta gehiengoak erabakitzen duena onartuz.

Albisteak (3)