Gure Esku
Gipuzkoatik Gironara arteko mendiak argituko ditu 'Pirinioetako Bideak' gaur, erabakitzeko eskubidearen alde
I. R. | EITB MEDIA
Gure Eskuk, ANCk eta FEECek antolatutako mobilizazioak 300 gailur baino gehiago argituko ditu Euskal Herriaren eta Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Jaizkibelen, Euskal Herriko topagune nagusian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat kolektibok, tartean Gure Esku mugimenduak, Pirinioetako Bidea ekimena egingo dute larunbat honetan, uztailak 2, Euskal Herria eta Katalunia arteko 300 gailur baino gehiago argiztatzeko. Helburua: bi herri horien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea.
Gipuzkoako Jaizkibel mendia izango da Pirinioak argituko duen argi-lerroaren euskal abiapuntua. Hala, Higer lurmuturretik Creusera (Girona) arteko mendikate guztia argituko dute.
Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak dioenez, dena prest dago erronka aurrera eramateko: "Harrera izugarri ona izan du; izan ere, euskal herritarrek bat egin dute ekimenarekin". Era berean, oraindik izena emateko aukera dagoela gogorarazi du.
Antolatzaileen arabera, arrazoi geografikoengatik Pirinioetan zehar toki guztietan aldi berean iluntzen ez dela kontuan hartuta, 22:00etan izango da argiak pizteko ordua, farol bereziak edo linternak erabilita, Pirinioetako mendikate osoa argiztatzeko, Gipuzkoatik Gironaraino. "Zoragarria izango da, bihotzean gordetzekoa", dio Etxaburuk.
Ekimen horren bidez, Etxaburu eta Amalur Álvarez bozeramaileek nabarmendu dute nazioarteko komunitatearen arreta eskatu nahi dutela autodeterminazioaren alde; izan ere, euren ustez, "erabakitzea ez da inoiz gatazka iturri, erabakia ukatzea, aldiz, bai. Arazoa ez dago, beraz, Katalunian edo Euskal Herrian; arazoa Estatuena da".
Hemen gailurrak eta zein herriri "egokitu" zaizkien:
Gailurrak eta horiek egokitu zaizkien herriak. Argazkia: Gure Esku
Horrela, gailurrak sektoreka eta multzoka banatuta antolatu dituzte: berdeak, mota guztietako mendizaleentzat egokiak; eta gorriak, eskarmentu handiko alpinistentzat bakarrik egokiak. Lehenengoetan, izen-ematea librea da; beraz, edonork aukera dezake mendi mota hori; gorrien kasuan, aldiz, antolatzaileek mendi talde adituei esleitu diete erronka.
Hori izango da Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte erakundeek elkarrekin antolatu duten lehen mobilizazioa; hain zuzen ere, erronka hori Assemblea Nacional Catalana (ANC), Gure Esku eta Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya (FECC) elkarteek antolatu dute, eta Omnium Cultural elkartearen laguntza du. "Itxaropenezko milaka eta milaka argi piztuko ditugu Pirinio osoan zehar. Askatasunerako bidea argiztatuko dugu. Etorkizun hobe eta libreago batekin egingo dugu amets. Jendearen indar eta determinazioarekin, oztopo guztiak gainditzeko gai izango gara", nabarmendu dute antolatzaileek.