Pirinioetako Bidea
"Gure herriekiko errespetua eskatzen dugu; gure eskubide zibil eta politikoekiko errespetua"
I. R. | EITB MEDIA
Milaka pertsonak argi-lerro izugarria osatu dute Pirinioetan autodeterminazioaren alde. Antolatzaileek, tartean Gure Eskuk, esan dute “arrakasta izugarria” izan duela ekintzak, baina ziurtatu dute ez dutela atsedenik hartuko, “gure herrientzat etorkizun aske eta burujabe bat lortu arte”.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagunek bat egin dute larunbat honetan Pirinioetan, Euskal Herria eta Katalunia argi-lerro baten bidez elkartuta, herrien erabakitzeko eskubidea ozen aldarrikatzeko. Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Cap de Creus (Girona) artean 430 kilometro daude, eta bi puntu horiek lotu dituzte. Horretarako, milaka eta milaka katalan eta euskal herritar Pirinioetako 300 gailur baino gehiagotara igo dira larunbat gaueko lehen orduan argi-kate bat osatzeko, linternak eta farola bereziak erabilita.
Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarrekin antolatutako lehen mobilizazioa izan da Pirinioetako Bidea; hain zuzen ere, erronka hori Gure Esku, ANC Assemblea Nacional Catalana, Omnium Cultural, Artistes per la República eta FEEC Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunyak sustatu dute, eta epe luzerako elkarlan baten abiapuntua dela ziurtatu dute.
Pirinioetako mendikate osoa ilunabarrean argitu da. Aurretik, antolatzaileek ekitaldi politikoa egin dute Guils-Fontanera eski nordikoko Kataluniako estazioan. Bertan, Gure Eskuko Amalur Alvarezek adierazi du Euskal Herriko eta Kataluniako indarrak bilduta, Pirinio osoa argiztatzeko gai izan direla, "eta elkarlanean eta indarrak batzen jarraitzen badugu, gure helburuetan aurrera egiteko gai izango gara". Ildo horretan, Alvarezek ziurtatu du jendearen ahalmena erakusten ari direla; "Pirinioetako gailurretan dagoen argi bakoitza gure herrien burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatzen duen izar bat da", gaineratu du.
Dolors Feliu ANCko presidenteak ere hartu du hitza: "Europan inoiz proiektatu den izaera politikoko ekintza artistikorik handiena da. Aktibismoa eta sorkuntza artistikoa elkarri lotuta, oroimenean iraungo duen ekintza, kontakizun poetiko eta politikoa da".
Mobilizazio ikusgarri horrekin, nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu nahi izan dute antolatzaileek, herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. "Katalunian eta Euskal Herrian, burujabetza osoa nahi dugu, gure etorkizuna askatasunez erabaki eta eraiki nahi dugu", azaldu du Feliuk. Alvarezek, bere aldetik, herrien borondate demokratikoa errespetatzeko eskatu du, eta gaineratu du Pirinioetako Bideak mugen ikuspegi demokratikoa ere aldarrikatzen duela: "Mugak demokratikoki erabaki behar dira botoen bidez, eta ez inposizio, indarkeria edo gerraren bidez".
Feliuk, bere aldetik, Espainiako Estatuaren "errepresioa eta demokraziaren aurkako baliabideen erabilera" salatu ditu, "herritarren borondate demokratikoa" gauzatzea eragotzi nahi duelako eta "eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta kulturalak urratzen dituelako".
Mobilizazio erraldoi horren antolatzaileek argi utzi dute ekintza "lorpen izugarria" izan den arren, aurrera jarraitu beharko dutela helburu komunak lortu arte. "Gure herriarentzat etorkizun aske eta burujabe bat lortu arte ez dugu atsedenik hartuko. Gogoko helburuan, aldaparik ez", esan du Gure Eskuko bozeramaileak.