Elkarrizketa Radio Euskadin
Ardanzak deitoratu egin du Miguel Angel Blancoren hilketan Espainiako Gobernuak izan zuen erreakzioa
M. D. | EITB Media
ETAk PPko zinegotzia hil zueneko egunak gogoratu ditu, gizarteari egindako mina deitoratu du, eta galdetu du “bahitutakoa Mayor Orejaren edo Aznarren semea izan balitz” Gobernuaren erreakzioa zein izango zatekeen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuenean, 1997an, lehendakaria izan zen Jose Antonio Ardanzak gogora ekarri ditu egun horietan gizarteari eragindako mina eta herritarren erreakzioak piztu zuen itxaropena.
ETAk PPko zinegotzia bahitu ostean Jose Maria Aznar buru zuen Espainiako Gobernuak izan zuen erreakzioa deitoratu du Ardanzak. Lehendakariak azaldu duenez, Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua "etengabe kontaktuan" egon zen Jaime Mayor Oreja Barne ministroarekin, eta jeltzaleak adierazpen publiko bat egiteko eskatu zion PPko ministroari, ETAren eskaera 48 orduan "betetzea ezinezkoa" zela argi eta garbi adieraz zezan.
"Mayor Orejak ez zuen onartu" eta "ezezko borobila" eman zion ETAri, Ardanzak dioenez, "Nazioko Gobernuak ez du terroristekin negoziatzen" esanda. "Jakin nahiko nuke bahitutakoa Mayor Orejaren edo Aznarren semea izan balitz, zer gertatuko zatekeen", esan du lehendakariak.
Gainera, Ardanzak deitoratu egin du ETAk eta "bere mundu zibilak" Euskal Herriari egindako "mina" aitortu nahi ez izatea. Lehendakariak uste du ETA ez dela konturatzen "herri honi bere irudian, bere ospean, bere barne hausturan egin dion kalte izugarriaz".
Jeltzaleak adierazi duenez, "horrek oraindik ere irauten du", eta "bere mundu zibilak egin duten kaltea aitortu nahi ez izatea" azpimarratu du. Lehendakariak gogorarazi duenez, "Espainiako jendeari ere kosta egin zitzaion Francorekin haustea", eta "gaur da Gerra Zibil gaizto horrekin oraindik hautsi nahi ez den eguna".