Itxi

Espetxe politika

ETAko presoen zigorren metaketa eta epaileek jartzen dituzten "oztopoak" gainditzeko eskatu du Foro Sozialak

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

Azken urteetako aurrerapausoak aintzatetsi ditu erakundeak, baina, etor litekeen aldaketa politikoaren beldur, azpimarratu du oraindik bete beharreko urratsak egitea premiazkoa dela, "atzera egiteko oso zaila izango den egoera bat finkatu behar baita".

Bizkaiko espetxea, Basaurin. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Foro Sozialak espetxe politikan egindako aurrerapenak aintzat hartu ditu, eta etorkizun hurbilerako erronka batzuk azpimarratu ditu, oraindik indarrean dagoen "salbuespenezko espetxe politikarekin bukatzeko". Besteak beste, Europako beste estatuetan bete diren zigorren metaketa eta Auzitegi Nazionalean eragina duten "lobbyek" sortutako oztopoak aipatu dituzte aldatu beharreko elementuen artean.

Nekane Altzelai, Nazario Oleaga eta Agus Hernan bozeramaileek emandako prentsaurreko batean, Foro Sozialak nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Diputatuen Kongresuan espetxe politika aldatzen jarraitzeko gehiengoak daudela, eta hauteskundeen ondoren gauzak aldatu daitezkeen beldur, "eman beharreko pausoak are premiazkoagoak" direla ohartarazi dute, "atzera egiteko oso zaila izango den egoera bat finkatu behar baita".

Egindako aurrerapenen artean aipatu dituzte sakabanaketa politikaren bukaera (102 preso Euskal Herrian daude eta 65, inguruko zentroetan), graduen aplikazioa (22 hirugarrenean daude eta besteak, bigarrenean), espetxe politikaren "humanizazioa" eta EAEri eskumena transferitzea. Hori lortzeko bidean presoen harreren eta "kontakizunaren batailaren" auziak gainditu direla azpimarratu Foro Sozialak.

Europako beste estatuetan jadanik betetako zigorrak oraindik metatzen direla deitoratu du Foroak eta, gainera, Auzitegi Nazionalean eragin handia duten lobbyek zailtasun berriak sortu dituztela, "duela bi urte ez zeudenak".

"Ildo horretan aipatu behar dira, batez ere, Auzitegi Nazionalak motibazio politikoko delituengatik kondenatutako presoak birgizarteratzeko ibilbideei eta, bereziki, bigarren graduko baimenei eta hirugarren gradurako bilakaerari jartzen dizkien oztopoak, azaldu dute bozeramaileek.

Zenbait epaileren jarrera "oztopatzailea" eta zigorren metaketa aldatzeaz gain, Foro Sozialak uste du oraindik Euskal Herritik kanpo dauden presoak EAEko edo Nafarroako espetxeetara lekualdatu behar direla.

"Foro Sozial Iraunkorrak, espazio diskretu eta publikoetan, ekarpenak egiten jarraituko du presoen auziari behin betiko konponbidea emateko, hiru premisatan oinarrituta: adostasunak, biktimekiko errespetua eta espetxe-politika arrunta aplikatzea. Hori guztia, helburu batekin: bizikidetza demokratikoari ekarpena egitea", gehitu dute.