Villarejoren audioak
Podemos Villarejoren audioen harira neurriak aztertu eta erantzukizunak eskatzen ari da
EITB MEDIA
Ferrerasek gaur adierazi duenez, "Ez dugu inoiz informazio faltsurik eman hala dela jakinda". Iglesiasek erantzun dio "gezurretan ari dela, bazekielako informazioa faltsua zela eta ez zuelako egiaztatu".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Podemosen esanetan, "neurri posible guztiak" aztertzen ari da, eta erantzukizunak ere eskatu ditu Antonio Garcia Ferrerasen eta Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren arteko audioak argitaratu ondoren. Bertan, kazetariak zalantzan jartzen du Pablo Iglesias Podemosko orduko buruak paradisu fiskal batean zuen banku-kontu bati buruzko informazioa egiazkoa ote zen.
Antonio Garcia Ferreras kazetari eta "Al Rojo Vivo" saioko zuzendariak gaur, astelehena, La Sexta kateko goizetako albistegia ireki du audioei buruz hitz eginez, eta honako hau adierazi du: "Hemen ez dugu ezer ezkutatzeko; inoiz ez dugu informazio faltsurik eman hala dela jakinda, inoiz ez. Ez Granadinetako hori, ez beste bat, ez Podemosi buruz, ez beste inori buruz".
Alderdi morea ez da pozik geratu Ferrerasek emandako azalpenekin, eta erantzukizunak eskatu ditu maila guztietan, "maila politikoan, judizialean, polizialean eta mediatikoan"; izan ere, onartu ezean, berriro gertatu ahal izango da, eta jokoan dagoena gobernu aurrerakoi bat edo "atzerapauso bat ematea da, Feijooren eta Voxen koalizio batekin", azpimarratu du Maria Teresa Perezek alderdiaren egoitzan emandako prentsaurreko batean.
Bozeramaile morearen arabera, kazetari baten betebeharra da gertakarien egiazkotasuna frogatzea eta bertsio guztien berri ez ematea "faltsuak badira"; izan ere, bestela, iritzi publikoa "intoxikatzen" ariko da.
Bestalde, Pablo Iglesiasek "En Jake" saioan esan duenez, "Ferrerasek gezurra esan du, informazio hori gezurra zela esan niolako". Podemoseko buruzagi ohiak ETBko saioan azaldu duenez, "albistea atera zenean, Ferrerasek esan zuen ez zekiela faltsua zenik, baina bai bazekien, deitu zidalako, gezurra zela esan nion eta berak esan zidan ez zuela uste egia zenik".
Pablo Iglesiasen elkarrizketa "En Jake" saioan gaur, astelehena. Jatorrizko bideoa gaztelaniaz:
Zentzu horretan, Ferrerasek "faltsua dela jakinda albiste bat publikatzea oso larria da". Izan ere, Iglesiasen esanetan, "arazoa da Espainiako Estatuko kazetaririk boteretsuenetako batek uste duela kazetaritza Villarejorekin biltzea dela, Eduardo Inda bere programan esertzea eta hitza ematea, jakinda gezurti profesionala dela, eta informazio faltsua erabiltzea alderdi bati kalte egiteko".