Diputatuen kongresua
Estebanek, Sanchezi: "Zer egingo duzu kide bezala mantentzeko?
Iker Gonzalez | eitb media
"Ez badituzu harreman parlamentarioak zaintzen, noren babesa jasotzea espero duzu Moncloara heltzeko hurrengo hauteskundeetan?", ohartarazi dio EAJren bozeramaleak Pedro Sanchezi. Gainera, "inbestidurarako itunaren urraketak" aurpegiratu dizkio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaleak Pedro Sanchez presidente espainiarrari galdegin dio zer egingo duen "kide bezala mantentzeko". "Ez baldin badituzu harreman parlamentarioak zaintzen, noren babesa jasotzea espero duzu Moncloara heltzeko hurrengo hauteskundeetan?", galdetu dio.
Horren ildotik, atzotik Diputatuen Kongresuan egiten ari diren Nazioaren egoerari buruzko Eztabaidan, Estebanek Sanchezi adierazi dionez, "ezin duzu kide barik egon. Zer egingo duzu kideek zuri babesa emateko gogoa izan dezaten?".
Gainera, diputatu jeltzaleak kritikatu egin du Gobernu espainiarrak etengabean, Estebanen arabera, EAJrekin hartutako konpromisoak urratu egin dituela. Besteak beste, inbestidurarako itunean hitzeman zituzten transferentziak aipatu ditu. "Zerorrek ezarri zenuen egutegia, aldebakarrez. Ondoren, etengabean urratu duzu, eta, horrela, ezarritako data guztiak igaro dira jada".
"Izan ere, krisialdi honetaz baliatu zarete kontrako bideari ekiteko. 'Kogobernantza' deitutakoaren aitzakiarekin -hitz berria- orain arte autonomia erkidegoen esku zeuden eskumenak arautu eta baldintzatu dituzue", kritikatu du Estebanek.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak onartu du, emandako erantzunean, Euskadirako zenbait transferentzietan "nolabaiteko geldialdia" dagoela, baina esan du Iñigo Urkulluk gidatutako Jaurlaritzak eskatutako transferentzia batzuk gauzatzea "zaila" dela.
Zehatz-mehatz, Meteorologia, Itsas ertzeko Kudeaketa, Zinematografiaren Babeserako Funtsa eta atzerritarrentzako lan baimenak aipatu ditu.
Arazo horiek gorabehera, Sanchezek ziurtatu egin du Gobernu espainiarrak "modu argian" eta "irmoki" bete egin duela Gernikako Estatutua.
Bestalde, ordezkari jeltzaleak, atzo Sanchezek iragarritako neurriak ere izan ditu hizpide, besteak beste, enpresa elektrikoei eta bankuei zuzendutako zerga bereziak: "Ez gaude behin-behinean etekinak murrizteko neurria hartzearen erabat aurka, baina ezin da edonola egin".
Aitor Estebanek gobernukideek duten garrantzia azpimarratu du: "zer egingo duzu kide gisa mantentzeko? Gure babesa mantentzeko 'ez duzue beste aukerarik' argudio gisa erabiltzea ez da oso pozgarria".
Azkenik, Estebanek, egin ohi duen legez, anekdota baten bidez helarazi nahi izan dio mezua, "hurrengo hilabeteetan errazago gogoratu dezazun. Badakizu landa eremua jakintsua dela. Oraingo honetan ez dut euskal atsotitzik aipatuko, nire amaren herriko -Cañamaque, Soria- bat baizik. Aski ezaguna da Corpus Christi egunean (beste leku batzuetan 'Jaunaren Eguna' izena ematen zaio) Igokundearen Egunetik hiru astera ospatzen dela. Eta, kasualitatez, hiru aste behar dira arrautzak txitatzeko, ireki arte. Esaera zaharrak honela dio: Jainkoaren egunean oilaskoak eduki nahi dituenak bota dezala loka Igokunde egunean. Apuntatu ezazu, presidente jauna, zuk denbora daukazu legealdi honetako Igokundera arte, hurrengo legealdiko 'Jaunaren Egunean' gauzak ondo ateratzea nahi baldin baduzu".