Itxi

GIPUZKOA

Loiolako kuartelak babestutako ondare izendatzeko agindua eman du EAEko Auzitegi Nagusiak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Donostiako Udalak kuartela dagoen lursaila erosi nahi zuen, eremu horretan 1.600 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko asmoz. Horretarako Espainiako Gobernuarekin negoziatzen ari zen, baina ebazpen judizial honek egitasmoa gauzatzeko aukera eragozten du.

Loiolako kuartelak. ETBko bideo batetik hartutako irudia

Loiolako kuartel militarra babestutako ondaretzat jotzeko agindua eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegitea aintzat hartuta.

Donostiako Udalak eremu horretan 1.600-2.000 etxebizitza eraikitzeko egitasmo bat landu du eta Espainiako Gobernuarekin negoziazioetan ari zen kuartela dagoen lursaila erosteko. Alabaina, ebazpen judizial horren ondorioz, ezingo luke eraikin militarra eraitsi.

2021eko martxoaren 25ean, Voxek helegite bat aurkeztu zuen Donostiako Udalaren Babestutako Ondareen Plan Berezi berrian Loiolako kuartelak sartu ez zituztela salatuz.  

Voxek argudiatu zuen eraikin horrek babestutako ondare izendatzeko baldintzak betetzen dituela eta froga gisa Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako bi dokumentu aurkeztu zituen. Agiri horietan, kuartela ondare historikotzat jotzen dute eta bere horretan mantentzearen alde agertzen dira.

Txostenak eta Udalaren alegazioak aztertu ostean, epaimahaiak ebatzi du Loiolako kuartelak babestutako ondare izendatzeko baldintzak betetzen dituela. Edonola ere, ez du onartu eraikin militarrari gorengo babesa emateko eskuin muturreko alderdiak egin zuen eskaria.

Ebazpen honek ezustean harrapatu du Donostiako Udala eta kolokan utzi du bere hirigintza plan handia.

Kuartel militarra dagoen lursaila Udalaren esku uzteko borroka Odon Elortza (PSE-EE) alkate ohiak abiatu zuen eta, azken hilabeteotan, Espainiako Gobernua prest agertu da 20 hektareako eremu horren eskualdatzea negoziatzeko.

Areago, joan den ekainean, Eneko Goia (EAJ) alkateak iragarri zuen Loiolako lursaila bereganatzeko akordioa egiteko "detaile batzuk" zehaztea soilik falta zitzaiela.

Azkenean, ituna egiten bada ere, gaurko ebazpen judizialarekin Udalak ezingo luke kuartela behera bota eta eremu horretan etxebizitzak eraiki.

Alabaina, epaia ez da irmoa eta Udalak kasazio-helegitea aurkezteko aukera izango du EAEko Auzitegi Nagusian nahiz Espainiako Auzitegi Gorenean.