Lan Batzordea
Diputatuen Kongresuak amiantoaren biktimei kalte-ordaina emateko funtsa sortzea aho batez onartu du
Agentziak | EITB Media
Kalte-ordainak "bidezkoak eta zentzuzkoak" izatea eskatu du EH Bilduk. Batzordean bozkatu ondoren, arauak ez du Ganberaren onarpenik behar, eta Senatuari zuzenean igorriko diote, bertan behin betiko onartzeko.
Diputatuen Kongresuko Lan Batzordeak amiantoaren biktimei kalte-ordaina emateko funtsa sortzea aho batez onartu du. Orain lege-proposamena Senatura zuzenean pasako da, bertan behin betiko onartzeko.
Eusko Legebiltzarreko ekimen baten emaitza dela gogorarazi du EH Bilduk. Kalte-ordainak "bidezkoak eta zentzuzkoak" izatea eskatu du koalizioak.
Araudiak aurrera egin du talde politiko guztien babesarekin. "Bidegabekeria" batekin bukatzeko beharra azpimarratu dute, eta amiantoaren biktima guztientzako hitzak izan dituzte.
Testuaren arabera, "lanean, etxean edo beste nonbaiten" amiantoaren eraginpean izan diren pertsonak jasandako osasun kalteak erreparatzeko ardura izango du funtsak.
Funtsa Gizarte Segurantzak kudeatuko du, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren transferentziak jasoko ditu, baita beste ekarpen batzuk ere, enpresei ezarritako isunak, esaterako.
Merce Perea diputatu sozialistak azaldu duenez, funtsa 25 milioi eurorekin abiatuko da aurten, Aurrekontu Orokorretan aurreikusi bezala.
Batzordean bozkatu ondoren, arauak ez du Ganberaren onarpenik behar, eta Senatuari zuzenean igorriko diote, bertan behin betiko oniritzia jasotzeko.
Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ondoren, hiru hilabeteko epea izango dute funtsaren araudia garatzeko eta martxan jartzeko.