Itxi

Diputatuen Kongresua

Memoria Demokratikoaren Legea, krisiaren aurkako neurriak eta Konstituzionala berritzeko erreforma, onartuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Guztira, talde parlamentarioek 138 proposamen aurkeztu dituzte, baina 41 soilik onartu dira, tartean, PSOErenak (15), EAJrenak (7) eta PPrenak (4).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Kongresuak Memoria Demokratikoaren lege proiektua onartu du ostegun honetan egindako bozketan. Ekimena PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, EH Bilduk, PDeCATek, Mas Paisek eta Compromisek babestu dute. Alderdi Popularrak, Voxek, Ciudadanosek, Juntsek eta CUPek kontra bozkatu dute.

ERCk eta BNGk adierazi dute egitasmoa ez dela nahikoa, baina aurrerapausoak antzeman dituzte testuan, eta, ondorioz, abstenitu egin dira.

Gauzak horrela, lege proiektua Senatura eramango dute orain, eta uda ostean onartuko dute behin-betiko.

Horrez gain, krisi ekonomikoari aurre egiteko hainbat neurri biltzen dituen lege dekretua ere onartu dute. Neurri horietako batzuk martxoan ezarri zituzten eta orain luzatu egingo dituzte, baina dekretuan neurri berriak ere sartu dituzte: diru sarrera txikiak dituzten familiei, adibidez, 200 euroko dirulaguntzak emango dizkiete.

Talde parlamentario gehienek (PSOE, Unidas Podemos, EAJ, EH Bildu eta PDeCAT) aldeko botoa eman dutelako eta Alderdi Popularreko diputatuak abstentzioaren aldeko hautua egin dutelako onartu dute ekimena.

Halaber, proposamena lege proiektu moduan eta premiazko prozedura erabilita tramitatzea adostu dute.

Bestalde, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Auzitegi Konstituzionaleko bi magistratu izendatzea ahalbidetuko duen erreforma azkarra ere onartu dute Kongresuan.

Testuaren arabera, irailaren 13a baino lehen egin beharko dituzte izendapen horiek.

Ekimena Alderdi Sozialistak aurkeztu du. 187 boto jaso ditu alde eta 152, kontra. Abstentzioak zazpi izan dira. Alderdi Popularrak, Voxek eta Ciudadanosek osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, baina atzera bota dituzte hirurak.

Auzitegi Konstituzionaleko lau magistratuen agintaldia joan den ekainaren 12an amaitu zen. Espainiako Gobernuari bi magistratu aukeratzea dagokio, eta beste biak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatzen ditu, baina ezin du egin jardunean dagoelako.

Kongresuak PSOEren proposamena onartuta, baina, posible izango dute magistratu berriak hautatzea.

138 proposamen aurkeztu dituzte eta 41 onartu dira

Guztira, talde parlamentarioek 138 proposamen aurkeztu dituzte, baina 41 soilik onartu dira, tartean PSOErenak (15), EAJrenak (7) eta PPrenak (4).

Aurrera atera diren gainerako ekimenak ondoko taldeek aurkeztu dituzte: Unidas Podemos, ERC, Ciudadanos, Junts, Coalicion Canaria, PRC, Foro Asturias eta Teruel Existe.

Ordubete luze eman dute proposamen guztiak bozkatzeko.

Bideoak (1)