Katalunia
Anna Gabriel Gorenean aurkeztu da Suitzan lau urte eman ondoren, eta aske utzi du Llarenak
Agentziak | EITB Media
CUPeko diputatu ohia Iñigo Iruin abokatu berriarekin batera joan da auzitegira. Pablo Llarena magistratuak astearte honetan bertan emandako autoan erabaki du auzi-iheslari izendatzeko adierazpena indarrik gabe uztea. Aurki deituko du deklaratzera, baina, ordura arte, aske egongo da.
Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia bere borondatez aurkeztu da Auzitegi Gorenean, eta, egoera prozesala erregularizatzeko xedez, haren esku utzi du bere burua. Horren ostean, Pablo Llarena magistratuak indarrik gabe utzi du Gabrielen aurkako auzi-iheslariaren deklarazioa, eta aske utzi du. Halaber, deklaratzera deituko duela aurreratu du.
Gabriel Kataluniako diputatua izan zen harik eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuz 2017ko urriaren 28an kargugabetu zuten arte. Iñigo Iruin abokatu berriarekin batera joan da auzitegira, baina uko egin dio prentsaren aurrean adierazpenak egiteari.
2018ko martxoan auzipetu zuten, Kataluniako aldebakarreko independentzia-adierazpenean (DUI) parte hartzeagatik. Suitzan zegoen 2018ko otsailetik, eta 2018ko uztailean deklaratu zuten auzi-ihesean.
Hain zuzen ere, bere asmoa egoera hori erregularizatzea zen. Magistratu instruktoreak, astearte honetan bertan emandako autoan, erabaki du auzi-iheslariaren deklarazioa indarrik gabe uztea. Aurki deituko du deklaratzera, baina, ordura arte, aske egongo da.
Atxilotzeko agindurik gabe
Gabriel ikerketapean zegoen desobedientzia-delitu baten egile gisa, baina ez zegoen hura atxilotzeko eta entregatzeko Europako edo nazioarteko agindurik, delitu horrek ez baitakar berekin espetxe-zigorrik, urtebetera arteko isuna eta bi urtera arteko enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza baino ez.
Hala ere, bazen hura atxilotzeko agindu nazional bat eta Auzitegi Gorenaren esku jartzeko; izan ere, haren aurkako prozeduran ezin zen legez aurrera egin bere deklarazioa entzun gabe.
Bere burua entregatu ondoren, Llarenak "bere aurkako bilaketa eta atxiloketa" agindua indarrik gabe uztea erabaki du, baina "deitzen zaion guztietan agertzeko" betebeharra duela azpimarratu du.