Itxi

PSOE

Pedro Sanchezek izendapen berriak iragarri ditu Moncloaren eta Ferrazen arteko koordinazioa indartzeko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kargu guztiak larunbat honetan berretsi beharko dira PSOEren ezohiko Batzorde Federalean. Era berean, Patxi Lopez sozialisten bozeramaile izendatuko dute Kongresuan.

Pedro Sánchez, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Larunbat honetan ezohiko Batzorde Federala egingo du PSOEk, eta bertan Patxi Lopez sozialisten bozeramaile berria izendatuko dute Diputatuen Kongresuan, Hector Gomezen ordez. Halaber, Batzorde Exekutibo Federalaren eta Senatuko talde parlamentarioaren egitura ere jorratuko dute.

Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak Moncloa eta Ferrazen arteko koordinazioa indartu nahi du nukleo gogor batekin, bederatzi kidez osatua, horien artean Oscar Lopez Kabineteko burua eta bost ministro.

Honako ministro hauek osatuko dute taldea: Maria Jesus Montero (Ogasuna eta Funtzio Publikoa), Pilar Alegria (Hezkuntza eta Lanbide Heziketa), Felix Bolaños (Lehendakaritza, Gorteekiko Harremanak eta Memoria Demokratikoa), Miquel Iceta (Kultura eta Kirola) eta Isabel Rodriguez (Lurralde Politika eta Gobernuaren bozeramailea).

Monteroren kasuan, Sanchezek proposatu du PSOEko bigarrena izateko, joan den astelehenean idazkariorde nagusi kargua utzi zuen Adriana Lastraren ordez; Alegria, berriz, alderdiko zuzendaritza federaleko bozeramaile berria izango da, Felipe Siciliaren ordez.

Moncloa eta Ferrazen arteko koordinazio-talde hori osatuko duten ministroak alderdiaren Batzorde Federaleko kide dira gaur egun, Iceta izan ezik.

Hala ere, Iceta laster izango da Exekutibako kide, Memoria Demokratiko eta Laikotasunaren idazkari izendapena ofizializatzen denean, Patxi Lopezen ordez, hura proposatu baitu Sanchezek PSOEren bozeramaile berri izateko Diputatuen Kongresuan.

Sanchezek iragarritako zuzendaritza-taldea osatuko duten beste buruzagi sozialistetako bat Santos Cerdan Antolakuntza idazkaria izango da, eta bere postuari eutsiko dio.

Patxi Lopez izango da Kongresuko sozialisten bozeramailea, eta Eva Granados, Senatukoa.

Izendapen berri horiek guztiak larunbat honetan, uztailak 23, berretsiko dituzte PSOEren Batzorde Federalaren ezohiko bileran, kongresuen arteko organo gorenean.