''Blokeatze Eguna''
Prefeturak debekatu egin ditu Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko presoak askatzea eskatzeko deitutako blokeoak
EITB Media
Bakegileek Ipar Euskal Herrian errepideak, trenbideak eta beste hainbat azpiegitura blokeatzeko deia egin zuten, eta aurreratu dute eutsi egingo diotela deialdiari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak debekatu egin ditu Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko presoak askatzea eskatzeko larunbat honetarako Ipar Euskal Herrian deituta dauden mobilizazioak.
Hain zuzen ere, Bake Bideak eta Bake artisauek errepideak, trenbideak eta beste hainbat azpiegitura blokeatzeko deia egin zuten, baina Eric Spitz prefetak debekatu egin ditu mobilizazioak deialdia egin duten bi erakundeek "ez dituztelako manifestazioa deklaratzeko beharrezko formalitateak errespetatu", eta ohartarazi du epaimahaietara joko duela parte-hartzaileen aurka.
"Blokeo-proiektu hau batez ere geltokietara, aireportuetara eta errepide eta autobide sareko korapilo nagusietara zuzentzen da, eta arrisku larria da pertsonen segurtasunerako eta osasunerako", adierazi du Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefekturak (Gobernuaren ordezkaritzak) ohar batean.
"Gerta daitezkeen auto-ilarek eta zirkulatzeko zailtasunek ondorio larriak eragingo dituzte ordena publikoan eta sorospen- eta larrialdi-zerbitzuek esku hartzeko duten gaitasunean", azpimarratu du.
Bake Bideak eta Bake artisauek aurreratu dute eutsi egingo diotela gaurko deialdiari. Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramaleak Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarrei bidali die mezua: "Herritarrei dei egiten diegu etxean geratzeko edo ahalik eta gutxien mugitzeko. Ez dugu jendea izorratzeko egiten, arduraz jokatzen dugulako egiten dugu", eta, hortaz, larunbatean errepide nagusiak blokeatzeko ekimenari eutsiko diote.
Esnali eta Paroti biziarteko espetxe zigorra ezarri zieten Frantzian, eta 32 urte bete dituzte dagoeneko, ETAren hainbat atentatutan parte hartzeagatik.
Parisko auzitegi batek biak behin-behinean aske uztea agindu zuen ekainean, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta erabakia irailaren 22an ezagutuko da.