Krisi energetikoa
Berogailua 19 gradura eta aire girotua 27ra mugatzea eskatuko dio Espainiako Gobernuak sektore pribatuari
Agentziak | EITB Media
Aurreneko neurri sortak enpresak, bulegoak, negozioak, merkataritza-guneak eta garraioak izango ditu jomugan, baina ez da hertsatzailea izanen. Etxebizitzak oraingoz at geratuko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Energia zarrastelkeria saihesteko tenperaturaren baldintzak kontrolatzea eskatuko die Espainiako Gobernuak enpresa, bulego, negozio, merkataritza-gune eta garraioei.
Helburua udan lokal, establezimendu eta garraiobideetako aire girotua 27 gradu azpitik egotea izango da. Neguan, aldiz, berogailuek ez lukete 19 graduak gainditu beharko.
Aurreneko neurri sortak sektore pribatua izango du jomugan, baina ez da hertsatzailea izango. Etxebizitzak oraingoz at geratuko dira.
Energia eraginkortasunerako eta aurrezteko premiazko neurri sorta bat onartuko du datorren asteleheneko Ministroen Kontseiluak, Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak koordinatuta.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak urteko lehen seihilekoaren balantzearen aurkezpenean iragarri duenez, plana "Europako herrialde guztiak egiten ari direnaren ildotik" joango da.
"Asteetan landutako neurriak dira, sektore pribatuarekin eztabaidatutakoak, administrazio guztiei eta talde parlamentarioei jakinarazitakoak", gaineratu du Sanchezek, baina ez du neurri zehatzik aurreratu nahi izan.
Gobernuak duela aste batzuk aurreratu zuen energia aurrezteko plan hori lantzen ari zirela. Plan horren barruan sartzen dira eremu publikoan telelana sustatzea eta eraikin publikoetan aire girotua eta berogailua modu eraginkorragoan erabiltzea, eta hori sektore pribatura zabalduko litzateke gomendio gisa.
Presidenteak gogorarazi du Espainiak gasaren kontsumoa bere borondatez % 7 murriztu behar duela datozen hilabeteetan, Europako Batzordeak aste honetan onartutako eskariaren murrizketaren arabera. Izan ere, murrizketa horiek nahitaezkoak izan daitezke Errusiak Europarako gas-hornidura eteten badu.
"Denok gaude inplikatuta", ziurtatu du Sanchezek energia aurrezteari dagokionez, eta enpresentzat eta familientzat ona izango dela uste du, kontsumoaren murrizketak argiaren faktura merkatzea ahalbidetuko duelako.
"Merkataritza-gune batera sartu besterik ez da egin behar aire girotua altuegi dagoela konturatzeko", jarri du adibide gisa.