Itxi

Energia aurrezteko neurriak

Eusko Jaurlaritzak isunen bidea baztertzea eta malgutasuna eskatu du

EITB Media

Leer en Castellano

Patxi Lopez Kongresuko PSOEren bozeramaileak galdetu du ea Arantxa Tapia sailburuak "ezer ere ez egin eta euskal enpresak ixtea nahiago ote duen".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Jasangarritasun sailburuak, energia aurrezteko neurriak aplikatzeko orduan, "malgutasuna" eskatu du asteazken honetan, baita isunen bidea baztertzea ere.

Ekonomia Garapenerako sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritza EBrekin "erabat ados" eta "alienaturik" dago energia kontsumoa murrizteko beharrizanean, baina neurrien aplikazioan "malguak" izatea eta kolektibo ezberdinei "entzutea" eskatu du. Era berean, isunak "ez dira bidea", adierazi du.

Tapia Adunako hondakin-uren gipuzkoar araztegian izan da asteazken honetan. Bertan, lehorteen plan berezia aurkeztu du.

"Euskadik 40 urte daramatza astelehenera arte existitzen ez zen lege bat betetzen", esan du sailburuak, Espainiako Gobernuak herenegun onartutako lege-dekretuari erreferentzia eginez.

"Euskadik 40 urte daramatza astelehenera arte existitzen ez zen lege bat betetzen"

Tapiaren hitzetan, "duela 40 urteko ekoizpen bera izateko % 50 energia gutxiago erabiltzea" lortu du Euskadik. "Hori da egiteko modua, epe luzeko politika bat", gaineratu du.

Bestalde, "tabernak eta jatetxeak" aipatu ditu, "pandemian zehar asko sufritu dutelako, eta, orain, horiei entzutea beharrezkoa da".

Energia aurrezteko neurriak "asko dira", eta "modu ezberdinetan ekin dakieke", adierazi du Tapiak. Erantsi duenez, Euskadik "isunik gabe" bere kontsumoa % 50 murriztea lortu badu, "gaitasuna duelako da", gizartea "heldua" delako.

Patxi Lopez Kongresuko PSOEren bozeramaileak esan du Espainiako Gobernuak ez duela "efektibismoa" bilatzen, "eraginkortasuna" baizik. "Esfortzuak asko dira, baina kalte handiagoak saihestu nahi dituzte", nabarmendu du.

Sozialistak galdetu du ea Tapiak "ezer ere ez egin eta euskal enpresak ixtea nahiago ote duen".

Erakunde guztien "laguntza" eskatu du Patxi Lopezek, energia aurrezteko neurriek ez dutelako "hainbesteko sakrifizioa" suposatzen. "Gainerakoa solidario ez izatea da", erantsi du.

 

Bideoak (1)