Itxi

Atxiloketak Frantzian

Ares: 'Datu guztiek berresten dute ETAk jardun terrorista utzi duela'

Erredakzioa

Ez dago ziurtatzerik ETA kide berriak erakartzeko lanean ari den, Rodolfo Aresen esanetan. Basagoitik mezua igorri dio ETAri: "Armak uzten ez badituzte, kendu egingo dizkiegu".

Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburua. EITB

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi duenez, "datu guztiek ETAk jardun terrorista utzi duela berresten dute" eta Frantzian atxilotutako ETAko ustezko kideak azpiegitura klandestinitatean mantendu ahal izateko soilik ari zirela jendea biltzen adierazi du.

Aresek igandean Frantzian egindako atxiloketak direla eta Segurtasun Indarrak zoriondu ditu gaur Eusko Legebiltzarraren atarian. 

Atxilotuak erakundean kide berriak biltzen ari ote ziren galdetuta Rodolfo Aresek esan du ETAkbere egitura mantentzeaz aparte", ez dagoela ziurtatzerik kide berriak erakartzeko lanean ari den.

"Datu guztiek berresten dute ETAk jardun terrorista utzi duela", azpimarratu du Herrizaingo sailburuak.

Halaber, atxiloketa hauek askotan esandakoa agerian uzten dutela esan du, hau da, "Polizia desberdinek goreneko zaintzarekin" jarraitzen dutela eta "ahal duten guztietan atxilotuko dituzte ETAko kideak", erantsi du.

Basagoiti

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak esan du bi atxiloketak "pauso handia" direla "askatasuna eta bakea lortzeko" eta mezua igorri dio ETAri: "Armak uzten ez badituzte, kendu egingo dizkiegu".

ETAko bi ustezko kideek armak zeramatzatela eta ustez kide berriak lortzera zihoazela gogorarazi du Basagoitik. "Horrek agerian uzten du egiaztatzaileek eta ETAren kontura sakela diruz betetzen ari direnek jokatzen duten papera", adierazi du Basagoitik Currin buru duen Nazioarteko Harremanetarako Taldearen harira.

Albisteak (2)