Itxi

Donostia

Odon Elorzak iragarri du Donostiako Alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko duela

O. P. / I. R. | EITB Media

Leer en Castellano

Marisol Garmendiak, egungo bozeramaile sozialistak, esan du Donostiako lehen emakume alkatea izateko aurkeztuko dela eta horretarako borrokatuko dela. Jose Ignacio Asensiok eta Iñaki Arriolak primarioen prozesua eta edozein sozialistak aurkezteko duen eskubidea defendatu dute.

Odon Elorza, artxiboko irudian.

Donostiako alkate ohi eta Espainiako Kongresuko egungo diputatu sozialistak, Odon Elorzak, iragarri du Gipuzkoako hiriburuko alkategai izan nahi duela 2023ko maiatzeko udal-hauteskundeetan. Horretarako, PSE-EEk datorren urrian egingo dituen barne-primarioetara aurkeztuko da.

Donostiako elkarteetako idazkari nagusiei eta militanteei bidalitako gutun batean, Elorzak berriro hautagai izateko erabakia jakinarazi du, 20 urtez Donostiako alkate izan ondoren.

"Kezkagarria iruditzen zait Donostia batzuen autokonplazentziaren eta dauden arazoen aurrean dagoen zalantzaren artean mugitzea. Funtsezko gaien definizio ezak lidergo falta ezkutatzen du. Eta uste dut ilusioa itzuli behar zaiela Donostiako herritarrei, Udalari bultzada berri bat emango dion proiektu baten bidez, hiriak gainditu gabeko erronkei aurre egin diezaien", azpimarratu du gutunean.

Gaineratu duenez, "Donostiak lidergoa eta hiriaren ideia argia behar ditu, atzerapen gehiagorik gabe, gazte eta familientzako etxebizitza publikoko erronkei aurre egiteko, auzoetako gizarte-kohesioari, jasangarritasuneko eta larrialdi klimatikoko politikei, hiriaren naturalizazioari, kultura-berrikuntzari eta hiri-nortasunari, bat-bateko mugikortasunari, erantzun integral batetik abiatuta marea turistikoaren erregulazioari eta interes partikularren aurrean lurzoru-politiken plangintzari aurre egiteko; baita administrazioek eskaintzen duten kalitateari dagokionez ere".

Bere hautagaitza formalizatuz gero, Donostiako erregidore ohia Marisol Garmendiarekin lehiatuko litzateke, hau da, PSE-EEk Udalean egun duen bozeramaile, EAJ buru duen koalizioko udal-gobernuan bigarren alkateorde eta Ekonomia Bultzatzeko eta Enpleguko zinegotziarekin.

Alkatetza lortuz gero, gainera, Elorzak aurreratu du, "bizitza politikoarekiko arrazoi etikoengatik", karguaren soldatari uko egingo diola: "Nire pentsioaz biziko naiz, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean kotizatutakoaren arabera egokitzen zaidana. Alkatetza lortzen ez badut, aldiz, berehala uko egingo diot saiakerari".

Odon Elorza, 67 urteko donostiarra, Zuzenbidean lizentziaduna, Donostiako alkate izan zen bost legegintzalditan (1991tik 2011ra), lehenengo biak gobernu akordio ezberdinei esker eta beste hirurak alderdi bozkatuenaren zerrendaburu gisa.

2011. urtean, EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, Juan Karlos Izagirre zerrendaburu zela. 2015. urtean, EAJk irabazi zuen, eta gaur arte Donostiako Udala gobernatzen ari da, Eneko Goia alkatearekin eta sozialistekin koalizioan.

2011n garaitu eta udaletxea utzi zuenetik, Odon Elorza Gipuzkoako diputatu izan da Espainiako  Kongresuan.

Erreakzioak

Marisol Garmendia Donostiako Udaleko PSE-EEko bozeramaile eta alkateordeak ere alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu du, eta Elorzaren erabakiak ez duela ezustean harrapatu adierazi du: "Azkenaldian zantzu dezente egon dira, adibidez, ikusle gisa joan baitzen etxebizitza politikako osoko bilkura batera".

Garmendiak esan du edozein lankidek aurkezteko duen eskubidea errespetatzen duela, baina PSE-EEk Donostian duen "lidergoa berritzeko garaia" dela uste du. "Uste dut garaia dela emakume bat, gogoz, ilusioz, anbizioz eta herritarrenganako hurbiltasunez, Donostiako sozialisten buru izateko eta hiriko lehen emakume alkatea izateko. Hori da nire helburua eta horren alde borrokatuko naiz", adierazi du. "Nik ez dut vintage-politikarik egiten, bakoitzak bere lekua eta bere garaia du, eta orain niri dagokit", azpimarratu du.

Bestalde, Jose Ignacio Asensio PSE-EEko idazkari nagusiak edozein militantek hautagaitza aurkezteko duen eskubidea defendatu du, "errespetatu beharreko hautaketa-sistema erabat irekia eta demokratikoa dugu".

Asensiok adierazi duenez, "Marisol Garmendia, gaur egun bikain ari den alkateordea, Elorza, hiriko alkate izandakoa eta Madrilgo diputatu sozialista dena, eskarmentu handiko hautagaiak dira, pisu handikoak eta alderdian ibilbide oso sendoa dutenak".

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, aldiz, adierazi du "harrituta" dagoela Elortzak hartutako erabakiarekin, baina azpimarratu du "logikoa denez, bere eskubidea" duela. Bere ustez, afiliatuek hauteskundeetan parte hartzen badute eta hainbat hautagai badituzte aukeratzeko, "onena" aukeratuko dutela.

Primarioen egutegia

Alkatetzarako hautagaitzaren lehia ez da berretsiko irailaren 14an primarioen prozesua hasi arte.

PSE-EEren iturriek jakitera eman dutenez, egun horretan alderdiaren batzorde nazionalak "argi berdea emango dio primarioen egutegiari", eta hil horren 19an eta 20an hautagaitzak aurkeztuko ditu.

Irailaren 21etik 27ra bitartean, hautagai izateko behar diren abalak jasoko dituzte, eta 28an, "aurre-hautagaiak" aldarrikatuko dituzte.

Urriaren 9an, afiliatuek lehen itzulian bozkatuko dute, eta, gehiengo absoluturik lortzen ez bada, bigarren txanda izango dute hil horretako 16an; egun horretan, beranduenez, maiatzeko tokiko hauteskundeetara aurkeztuko den hautagai sozialista aldarrikatuko dute.