Katalunia
Pere Aragonesek ez du Diadako manifestazio independentistan parte hartuko
Agentziak | EITB Media
Presidentearen ustez, "ez litzateke koherentea izango" antolatzaileek egin duten planteamenduarekin, "alderdi politikoen eta erakundeen aurkako manifestazioa delako, eta ez Espainiako Estatuaren aurkakoa, eta horrek independentismoaren desadostasunetan sakontzen du".
Pere Aragones Generalitateko presidentea ez da joango ANCk Diadaren alde egingo duen manifestaziora, bere ustez "ez bailitzateke koherentea izango antolatzaileek eurek egindako planteamenduarekin".
Generalitateko Presidentetzako iturriek argudiatu dutenez, "Aaderdi politikoen eta erakundeen aurkako manifestazioa da, eta ez Espainiako Estatuaren aurkakoa, eta horrek independentismoaren desadostasunetan sakontzen du".
Edonola ere, Aragonesek Diadako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta independentzia lortu nahi bada, "iritzi eta desadostasun guztien gainetik, kalea alderdiak eta erakundeak elkartuta soilik" lortuko dela defendatzen baitu.
Horren aurretik Dolors Feliu ANCko presidenteak La Vanguardia egunkariari egindako adierazpenetan ohartarazi du Aragones Diadako manifestaziora joaten ez bada agerian geldituko dela "ez dagoela independentziarekin inplikatuta".
Aragones azken Diadako manifestaziora joan zen eta bertaratutako batzuen haserrea piztu zuen horrek.