Itxi

Akordioa

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa itxi dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legea onartzeko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lege Proiektua 2021eko uztailean onartu zuen Gobernu Kontseiluak, baina orain, adostasun maila altuagoa izango du. Egungo legea, 1998koa dena, ordezkatuko du, eta marko juridiko berria emango die jarduera fisikoari eta kirolari.

Hainbat gazte, eskola-kirolan. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeek, alegia, EAJk eta PSE-EEk, eta EH Bilduk akordioa itxi dute ostegun honetan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Proiektu Legea onartzeko. Proiektua aztertzeko batzorde txostengileko bileran hitzartu dute akordioa, ostegun honetan.

EAEko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege Proiektua 2021eko uztailean onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta egun, tramitazio fasean dago Legebiltzarrean. Bermatuta zegoen testua Ganberan onartuko zutela, kontuan izanik EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutela (41 legebiltzarkide dituzte, eta Legebiltzarrean, 75 daude guztira), baina orain adostasun maila nabarmen handiagoa izango du; izan ere, EH Bilduk 21 legebiltzarkide ditu.

Jarduera fisikoak eta kirolak, lege honen bidez, marko juridiko berria izango du; berez, indarrean dagoen legea 1998ko ekainean onartu zuten. Testuak garrantzi berezia ematen die adingabeen hezkuntza arloei, eta azpimarratzen du indarkeriaren, arrazismoaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurka borrokatu behar dela kirolean. Bereziki salatzen du sexu orientazioagatik, genero nortasunagatik edo erlijio arrazoiengatik jasandako bazterkeria. Urratzeek zigorrak ekarriko dituzte: lizentzia behin betiko galtzea, 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak, kirol barrutiak ixtea, eta inhabilitazioak, besteak beste.

Kirol ustelkeriarekin, partidetan iruzur egitearekin eta antzeko arau hausteekin lotutako urratzeak ere tipifikatzen ditu testuak, integritatea bermatze aldera.

EH Bilduren ekarpenak

Testuinguru horretan, EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak azaldu du koalizioak baiezko botoa emango duela "egindako ekarpenak, hein handi batean, legean txertatzea erdietsi duelako".

EH Bilduk, zehaztu du Uberak, lau ardatz nagusiren bueltan egin ditu ekarpenak: "Legeak bitartekoak jasoko ditu jarduera fisikoa sustatzeko, filosofia hutsetik bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzera pasatzeko; adingabeak babestu eta erdigunean izango dituen eskola adineko kirol hastapen eredu bakarra egituratzeko irizpideak ezarriko ditu; inklusioa garatzeko bide anitzak zehaztuko ditu; eta Euskal Herriko lehiaketa markoa egituratzeko bidea irekiko du, betiere nazio ikuspegi batetik".

Bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzeaz, Uberak azpimarratu du gai hori lehenengo aldiz sartzen dela agenda politikoan: "Legea kiroldegi kontzeptu klasikotik haratago joango da, herrietan zein hirietan kirola egiteko gune ireki, seguru eta egokiak proiektatzeko, eta, adibidez, EAEko Bizikleta Bideen Sarea eraiki eta artikulatuko du".

Eskola adineko kirolaren gainean, EH Bilduk zehaztu du legeak hiru etapa egitaratuko dituela, alegia, 6 urtera artekoa, 6-12 urte artekoa, eta 12-16 urte artekoa. Horrez gain, "etapa guztietan ikastetxeak izango dira kirol hastapenaren ardatz egituratzaileak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan administrazio publikoek programak antolatuko dituzte kirol federatutik kanpo geratzen direnentzat".

"Kirol federazio bakoitzak protokolo bat egingo du, kirol egokituaren euskal federazioarekin lankidetzan, desgaitasuna duten kirolariak eta horien taldeak ohiko kirol federazioetan sar daitezen, eta inklusioa garatzeko bide anitzak zehaztuko dira lehiaketa mistoei bidea irekiz, esaterako". Halaber, EAEko federazioek txapelketak antolatu ahalko dituzte Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko federazioekin batera, elkarlanean, "eta euskal selekzioen parte hartzea sustatuko dute lehiaketa ofizialetan, baita nazioartean ere".

Rakel Molina EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, EH Bildurekin adostutako puntuak Eusko Jaurlaritzak bere proiektuan proposatutako erronken eta aldaketen norabidean doaz. Gainera, nabarmendu du hitzartutakoak indartu egiten dituela genero ikuspegia, kirol inklusiboa, indarkeriaren eta arrazismoaren aurkako borroka, kirol jardueraren sustapenean administrazio publikoek duten papera, eta 0-6 urte arteko eskola kirola.