2022ko diada eguna
Independentismoa oso zatituta iritsi da aurtengo Diada egunera
i.l.k. | eitb media
Ziurgabe aurkezten da eguna, zatitutako mugimendu independentista bat eta bertaratzearen inguruko zalantzak bitarteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur Bartzelonak beste behin hartuko du Assemblea Nacional Catalanak (ANC) Diada egunaren harira deitutako manifestazioa, "Tornem-hi per vèncer. Independència" (Itzul gaitezen garaitzeko. Independentzia) lelopean.
Urriaren 1eko erreferendumetik bost urte bete diren honetan, zatiketa une batean dago mugimendua, Govern-ean ezegonkortasuna delarik nagusi, eta Pere Aragones ANCren aurka agertu delarik. Hala, zenbait faktorek baldintzatuko dute eguna:
- Haustura sentipena: alderdi independentisten (ERC, bereziki) eta ANCren arteko aldentzea eta konfiantza eza larrituz zihoazen azken urteotan, baina lehen aldia da Esquerrako presidenteak eta aholkulariek erakunde subiranistak deitutako manifestaziora ez joatea erabaki dutela.
- Arriskuan dagoen koalizioa: ERC eta ANC arteko talkaren parean, Govern-eko bi kideen arteko krisia ere izaten ari da, uda honetan larritu dena, bi arrazoi direla eta: elkarrizketa mahaian autodeterminazioari eta amnistiari buruz egindako aurrerapen falta eta Laura Borras Parlament-eko buru gisa eten izana.
- Birmoldaketa posiblea: ERCk eta JxCat-ek politika orokorreko eztabaidaren aurretik bakea sinatzea lortuz gero eta legeintzaldiari bultzada berri bat emateko konpromisoak hartuz gero, zenbait iturri subiranistak EFE agentziari jakinarazi diotenez, Govern-aren birmoldaketa batek lagundu litzake akordio horiek.
- Mobilizazio ziurgabea: independentisten arteko batasun gabezia, elkarrizketa mahaiari esker Espainiako Gobernuarekin gatazka gutxiago izatearen sentsazioa eta ERCrekin duen azken pultsua bitarteko, ANC beldur da Diada eguneko manifestazioko parte-hartze zifrek ez ote duten behera egingo.
Kataluniak "berriro bozkatuko" duela agindu du Aragonesek
Pere Aragones Generalitateko presidenteak larunbat honetan hitzeman duenez, Kataluniak "botoa emango du berriro" bere etorkizun politikoa erabakitzeko, "saihestezina" delako. Hala ere, datak jartzea saihestu du, eta unea independentismoa pilatzeko gai den "indarraren" araberakoa izango dela adierazi du.
Hala adierazi du larunbat honetan Empúries-en (Girona), foro erromatarretik bidalitako mezu instituzionalean.
Joan den asteazkenean onartu zuen ez duela posible ikusten epe laburrean adostutako erreferendum bat egitea, eta U-1eko aldebakarreko erreferendumaren bosgarren urteurrena betetzeko aste gutxi falta direnean, Aragonesek ziurtatu du "Kataluniak bere etorkizuna bozkatuko duela berriro, eta dena posible den etorkizun baten alde bozkatzen ari denaren ilusio eta poz guztiarekin".
EAJ eta EH Bildu
EAJko eta EH Bilduko ordezkariak ere izango dira Bartzelonan igande honetarako antolatutako ekitaldietan.
Alderdi jeltzaleak jakitera eman duenez, Estefania Beltran de Heredia eta Imanol Landa senatariek Rafael Casanovari egin ohi zaion lore-eskaintzan parte hartuko dute.
Bestalde, Bakartxo Ruizek eta Jon Iñarrituk osatutako EH Bilduren ordezkaritza ere erakunde-ekitaldietan izango da, baita ERCk eta gainerako talde independentistek Diada egunerako antolatutako ekitaldietan ere.