DIADA 2022
"Berandu baino lehen, Kataluniako Errepublika errealitate izatea" aldarrikatu du EH Bilduk
E.J.O. | EITB MEDIA
Kataluniako Egun Nazionalari hasiera emateko, Rafael Casanovaren monumentu aurreko lore eskaintzan parte hartu dute Bakartxo Ruizek eta Jon Inarrituk, besteak beste.
Irailaren 11ro bezala, Diadako ekintzetan parte hartzen ari dira EH Bilduko hainbat ordezkari Bartzelonan. ERCk gonbidatuta, atzo gauean Fossa de les Moragueseko lore eskaintzan parte hartu zuten eta gaur goizean, Rafael Casanovari eskainitako lore eskaintzan izan eta gero, Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko bozeramaileak babesa adierazi die kataluniako herritarrei.
"Aurten ere, urtero bezala, Euskal Herriko ezker subiranistako ordezkariak Bartzelonan gaude, Diada ospatzeko, Kataluniako herriari gure babesa adierazteko. Gaurko mezua argia da: EH Bildu konprometitua dago demokraziarekin, herrien erabakitzeko eskubidearekin eta estaturik gabeko nazio guztien autodeterminazio eskubidearekin, bai Katalunian, bai Euskal Herrian, bai Espainiako estatu osoan eta bai mundu zabalean. Gaur bereziki aldarrikatzen dugu Kataluniako herritarrek beren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko duten eskubidea, berandu baino lehen Kataluniako errepublika independentea errealitatea izan dadin" esan du Ruizek.
Lluites compartides i sumes que multipliquen: llengua, cultura, cohesió, drets civils i internacionalització del conflicte català.
— Bakartxo Ruiz (@BakartxoR) September 11, 2022
Ekitaldi hunkigarriaren ostean, aukera ederra izan dugu Omniumeko kideekin egon eta elkarrizketa interesgarriak izateni.
Llarga vida @omnium! pic.twitter.com/NcxqbnVxEb
Jon Iñarritu EH Bilduk Kongresuan duen diputatuak Kataluniak "izan nahi duena izan ahalko duela" defendatu du, "herri batua eta ausarta delako".
ERCk Diada dela eta antolatutako ekitaldi nagusiaren hasieran, Bartzelonako Bruc kalean egindako bazkarian, Iñarrituk azken urteetako manifestazio independentistak goraipatu ditu. "Estaturik gabeko nazioek batak bestea daukagu. Elkarrekin lan egiten dugu eta Historiak ematen dizkigun lezioetatik ikasten dugu" esan du, eta Katalunia independentzia lortzetik "gertuago" dagoela ziurtatu du.
Sortu, EA eta Alternatibako hainbat kidek osatu dute EH Bilduren ordezkaritza Bartzelonan.
1714an Espainiako Oinordetzaren Gerra bitartean gertatutako Bartzelonako erorketa gogoratzen da Diadan, irailaren 11n, 1980az geroztik. 14 hilabeteko setioaren ondoren erori zen Bartzelona eta bertan behera geratu ziren Kataluniako erakundeak.
Goizean, elkarte zein alderdi politikoek Bartzelonan zein Kataluniako beste leku batzuetan Rafael Casanova eta Josep Moraguesen omenezko monumentuetan lore eskaintzak egiten diztuzte. Alderdi independentistek Fossar de les Moreresen, Bartzelonako setioko defendatzaileak lurperatuak dauden tokian ere eskaintzak egiten dituzte.
Arratsaldean, berriz, manifestazioa izaten da. Aurten, lehen aldiz, ERCk ANC deitutako manifestaziora ez joatea erabaki du, "independentziaren alde baino, euren kontra" dela egotzita.