Itxi

Katalunia

Anna Gabrielek ukatu egin du desobedientzia eta auzia artxibatzea edo Bartzelonara bidaltzea espero du

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

CUPeko diputatu ohi katalanak Auzitegi Gorenean adierazi duenez, ez zuen Konstituzio Auzitegiaren jakinarazpenik jaso eta, beraz, ez zuen desobedientzia-deliturik egin. Uko egin dio Estatuko Abokatutzaren eta Voxen galderei erantzuteari.

Anna Gabriel, Auzitegi Gorenera iristen. EFE

Anna Gabriel CUPeko diputatu ohi katalanak, Urriaren 1eko legegintzaldian alderdi horrek Kataluniako Parlamentuan izan zuen bozeramailea eta lau urte baino gehiagoz Suitzan ihes eginda bizi izan denak, ukatu egin du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurrean Konstituzionalari desobeditu izana, ez zuelako auzitegi horren errekerimendurik jaso.

Gabriel Llarenaren aurrean agertu da gaur goizean, ikerketa-deklarazioa egiteko. Bertan, formalki jakinarazi zaio desobedientzia-delituagatik auzipetua dagoela, bai eta horrek ez dakarrela espetxe-zigorrik, baizik eta enplegu edo kargu publikorako bi urte arteko isuna eta desgaitzea.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, diputatu ohiak erabat ukatu du Auzitegi Konstituzionalaren errekerimendu pertsonal bat jaso izana Kataluniako Parlamentuan gai jakin batzuk debekatzen zituena, eta, horrenbestez ezinezkoa dela desobedientzia-delitua egin izana.

Diputatu ohiak horrela erantzun dio Fiskaltzak egin dion galdera bakarrari, izan ere Estatuko Abokatutzak eta herri akusazioa ordezkatzen duen Vox alderdiak egindako galderei erantzuteari uko egin dio. 

Gauzak horrela, agerraldiak 15 minutu eskas iraun du. Orain magistratuak sumarioa amaitzeko auto bat eman beharko du, eta auzia Auzitegi Goreneko Bigarren Salara bidali beharko du, prozedura berrikusteko. Litekeena da Kataluniako zigor-arloko epaitegi batean amaitzea, Gabrielek dagoeneko ez baitu kargu publikorik.

Gorenetik ateratzean, diputatu ohiak esan du "printzipioek bere horretan" jarraitzen dutela, eta eskerrak eman dizkie "isuna jaso duten eta jazarriak izan diren pertsona guztiei elkartasuna adierazi dieten guztiei", eta azpimarratu duenez "inoiz ez zen judizializazioa gertatu behar".

Hunkituta, "4 urte eta erdi baitira etxetik urrun", ez ditu kazetarien galderak erantzun nahi izan eta adierazpen labur bat egitera mugatu da. Gabrielek ez du momentuz itzultzeko asmorik, konpromiso pertsonalak eta militanteak dituelako Suitzan. 

Politikari independentisten zitazioekin ohikoa denez, diputatu ohiarekin batera hainbat jarraitzaile eta buruzagi subiranista izan dira Auzitegi Gorenean, besteak beste, Han ziren Maria Sirvent (CUP), Oriol Junqueras (ERC) eta Josep Rius (JxCat); baita Jaume Asens (Unidas Podemos), Gabriel Rufian (ERC), Mireia Vehi eta Albert Botran (CUP), Josep Pages (Junts), Jon Iñarritu eta Mertxe Aizpurua (EH Bildu), eta Nestor DLK-Rego (ERC) diputatuak eta Sara Bailac, Mirella Cortes eta Adelina Escandell senatariak ere, besteak beste. Xavier Antich Omnium Culturaleko presidentea ere bertan izan da.

Gabriel 2018an joan zen Suitzara, auzipetu baino lehentxeago, eta uztailean aurkeztu zen Gorenean, bere egoera erregularizatzeko, Iñigo Iruin abokatuarekin batera. Abokatu hori Meritxell Serret kontseilari ohiaren abokatua ere bada, Serret izan zen, duela urtebete, auzitegiaren esku jartzeko Espainiara itzuli zen lehen prozesatua, 2018an Belgikara ihes egin ondoren.

Albisteak (1)