NATO
Diputatuen Kongresuak gehiengoarekin eman dio abala Suedia eta Finlandia NATOn sartzeari
EITB MEDIA
PSOEk aldeko botoa eman du, eta Unidas Podemos abstenitu egin da. EAJk Suedia eta Finlandiaren eskaera babestu du, eta EH Bildu, aldiz, abstenitu da.
Diputatuen Kongresuak gehiengoarekin eman dio abala Suedia eta Finlandia NATOn sartzeari. Hori bai, Espainiako koalizio Gobernuak botoa zatitu du; izan ere, PSOEk aldeko botoa eman du, eta Unidas Podemos abstenitu egin da. Euskal alderdiei dagokienez, EAJk Suedia eta Finlandiaren eskaera babestu du, eta EH Bildu, aldiz, abstenitu da.
Eztabaidan, agerian geratu da PSOE, PP, Vox, Ciudadanos, EAJ, PDeCAT eta JxCAT ados daudela defentsa arloan; NATO handitzearen aldeko botoa eman dute, eta aldarrikatu dituzte Itunean egoteak dakartzan onurak.
Beste aliatu batzuek, baina, ERCk, EH Bilduk, Mas Paisek edo Compromisek kasu, bat egin dute Unidas Podemosekin. Argi utzi dute NATOren aurkakoak direla, baina argudiatu dute ezin dutela Suediak eta Finlandiak hartutako erabakien kontra egin.
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak NATOn egoteko onurak aldeztu ditu: "Itunak adostu gabe, herrialdeek ezin dute euren burua defendatu". Gogora ekarri du, halaber, NATOk balio izan duela geldiarazteko eraso bat, "eta ziur aski ez zen horretan geratuko", esan du, Ukrainako inbasioaren harira.
EH Bilduren aldetik, Jon Iñarritu diputatuak argi utzi du koalizioak NATOren aurka jarraitzen duela, ez baitu laguntzen gatazkak modu baketsuan konpontzeko; EH Bilduren apustua da Europak aldeztea segurtasunean duen autonomia estrategikoa.