Politika Orokorreko Eztabaida
PP-Ciudadanos Taldeak akordioak eztabaidatzea proposatu dio lehendakariari, energian eta ekonomian
J. E. | EITB MEDIA
Legebiltzarreko PP-Ciudadanos Taldeko presidente Carlos Iturgaizek nabarmendu duenez, eskaini dituen akordio horiek euskal herritarren kezkak eta etorkizuna izan beharko dituzte jomuga: "Ezkerreko frontearekin egindako itunak hilgarriak dira EAEko ekonomiarako eta gizartearentzat".
PP-Ciudadanos Taldeak energia eta ekonomia arloetako akordioak eztabaidatzea proposatu dio lehendakariari ostegun honetan, 2023ko Aurrekontuak gogoan hartuta. Legebiltzarrean, Politika Orokorreko Eztabaidan emandako hitzaldian, Carlos Iturgaiz PP-Ciudadanos Taldeko presidenteak nabarmendu du akordio horiek euskal herritarren kezkak eta etorkizuna izan beharko dituztela jomuga: "Ezkerreko frontearekin egindako itunak hilgarriak dira EAEko ekonomiarako eta gizartearentzat", ohartarazi du.
Testuinguru honetan, PP-Ciudadanos Taldeak adierazi du "posible" dela akordioa adostea Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Energia aurrezteko Kontingentzia Planari dagokionez, eta "legaltasunetik eta bidezidorrik gabe" egitea. Gakoa, Iturgaizek zehaztu duenez "gardentasuna da", kontuan izanik "interes ugari daudela tartean"; halaber, esan du, beharrezkoa da jardueretako egutegia zehaztea, eta jarraipen batzordea hautatzea, Planaren betetze maila hiru hilero aztertzeko.
Egoera ekonomikoari aurre egite aldera, Iturgaizek proposatu du zergak murriztea EAEko familiei, bai eta aurrekontu soberakinak aktibatzea ere; azken horren helburua litzateke laguntzea ostalariei, merkatariei, osasun langileei eta langile autonomoei. Laburbilduta, "krisiak eta zure kudeaketa txarrak kaltetutako sektore guztiak babestea helburu", esan dio lehendakariari.
Deflaktazioa, "berandu"
Urkulluk iragarritako deflaktazioaren gainean, Carlos Iturgaizek aldeztu du "berandu" iritsi eta "labur" geratu dela. PP-Ciudadanos Taldearen apustua da "zerga erreformari heltzea, zergak murrizteko", eta, horrez gain, "tasa eta prezio publikoak murriztea: "Aurrekontuetan da hori egiteko garaia", zehaztu du, eta Eusko Jaurlaritzari ere eskatu dio doitzea: "Baliabideak askatzeko gaitasuna izan beharko luke Jaurlaritzak, ez bakarrik herritarrei sakrifizio gehiago eskatzeko ahalmena".
Euskadiko PPko presidente eta PP-Ciudadanos Taldeko presidentea, nolanahi ere, ezkor agertu da, lehendakariari eskainitako laguntza horren gainean: "Gutxietsi izan duzu beti", esan dio, "nahiago duzulako PSEren mauka eta EH Bildu izatea bidelagun".
Iturgaizek azpimarratu du nahitaezkoa dela Eusko Jaurlaritzak, legealdiko azken bi urteetan, "norabidea aldatzea, euskal herritarren interes orokorraren erabat aurka dabil eta. Denbora dago aldatzeko jarrera hori; beti du lehentasuna ezkerrak, erradikaltasunak edo populismoak, hemen zein Madrilen".
EAJren "joku bikoitza, bi gehiengorekin"
Bestalde, Iturgaiz kritiko azaldu da "EAJk egiten duen joku bikoitzarekin", bi gehiengorekin; alegia, "egunerokoan, PSErekin dabil; baina, politika abertzale nagusiak egiteko, EH Bildurekin". Hala, EAJri aurpegiratu dio EH Bildurekin adostu duela hezkuntzaren etorkizuna, eta euskararekin akatsa egin izatea: "Tresna politiko gisa, segregazio sozialekoa, baliatu dute".
Hezkuntza Legearen zirriborroa "sakonki berriro aztertzea" eskatu du; aurkeztutakoa, Iturgaizen esanetan, "abertzaleentzakoa da soilik". Gaitzetsi du lehendakaria EH Bilduren eskutik joatea autogobernuan.
Carlos Iturgaizek ziurtatu du PPk beti aldeztu izan duela Estatutua "erabat eta zintzotasunez" garatzea, eta azaldu du zergatik, bere iritziz, desadostasunak dauden transferitu ez diren eskumenen gainean: "EAJk interpretazio bat du Estatutuaren gainean, baina ez da posiblea eta zilegia den bakarra".
Gainera, kezka adierazi du udan izandako indarkeria ekintzengatik, eta festetan ikusitako ETAren aldeko mezuengatik: "Noiz arte jarraituko dute EAJk edo PSOEk arduradunak zuritzen, Euskadin edo Madrilen egindako akordioak adostuz?", galdetu du, EH Bilduri erreferentzia inplizitua eginda.