BILBON
EH Bilduk azaroaren 12an mobilizatzeko deia egin du, “beste Euskal Herri bat posible” dela erakusteko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaur izandako aurkezpenean, alderdiak "egiturazko neurriak eta mobilizazio handia" aldarrikatu ditu, eta "krisiari ezkerretik erantzuteko beharra" azpimarratu du.
EH Bilduk azaroaren 12an Bilboko "kaleak hartzeko" deia egin du, "beste Euskal Herri bat posible" dela erakusteko.
Unai Urruzuno alderdiko Koordinatzaile Nagusiaren Ondokoak gaur azaldu du Ibarrangelun (Bizkaia) mobilizazioaren leloa: "Abante! Euskal olatua geldi ezina".
Urruzunok krisiari ezkerretik eta egiturazko neurriekin erantzuteko beharra defendatu du. Halaber, azaldu du "negu gogorra" datorrela eta egoera "oso kezkagarria" dela ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan. Bere arabera, gobernuek horri aurre egin nahi diote "neurri aringarriekin", hartu dituzten politikak "arazoaren eragile" direla planteatu gabe.
Alderdiko kideak "planetak jasan ezin duen kapitalismo basatiari" leporatu dio arazoa.
Haren iritziz, Euskadin egoera bera gertatzen da "gutxi batzuen zerbitzura dauden politika publikoekin, hala nola 'euskal labela' duten politika energetikoak egiten dituzten erakundeekin."
Egoera horren aurrean, "egiturazko neurriak eta mobilizazio handia" proposatu ditu, datorren azaroaren 12koa bezalakoa, "euskal eta ezkerreko olatua" sortzeko.