''Parlamento en las Ondas''
Iragarritako neurriak "atzerakoiak eta nahasiak" direla leporatu diote Urkulluri oposizioko alderdiek
T.S.J. | L.P.C. | EITB MEDIA
Politika Orokorreko osteguneko Saioan lehendakariak iragarritako Hitzartuz planaren nondik norakoak mintzagai izan dute Eusko Legebiltzarreko alderdiek Radio Euskadiko eztabaida politikoan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Egungo ziurgabetasun agertokiaren aurrean, EAJk eta PSEk eskua luzatu diete oposizioko alderdiei alor ekonomikoan akordioak lotzeko helburuz. Gauzak horrela, Politika Orokorreko osteguneko Saioan lehendakariak aurkeztutako Hitzartu plana mintzagai izan dute Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioko eztabaida politikoan.
Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, Urkulluk "erabateko autokritika egin zuen, seriotasunez eta zorroztasunez", eta deitoratu du oposizioaren partetik "alternatibarik gabeko kritika erraza" baino ez zutela jaso. Ekain Ricok (PSE) azpimarratu du iragarritako neurriek "Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak dagoeneko sustatutakoarekin bat" egiten dutela.
Bestalde, EH Bilduk uste du etxekolanik ez direla egin, eta deflaktazioa bezalako "neurri erregresiboak" iragartzera ere iritsi direla. Nerea Kortajarena legebiltzarkideak azpiegiturazko neurriak faltan bota ditu. David Sotoren esanetan (Elkarrekin Podemos-IU), proposatutako neurriak "aurretik jada iragarritakoen nahasketa" da.
Carmelo Barriok (PP-C's) zergen jaitsieraren alde egin du. "Herritarren askatasunaren alde lan egiteak zergen jaitsiera dakar", esan du. Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak, berriz, neurri horiek "limosna" direla uste du, euskal Ogasunek "gainzerga-bilketa" egin dutelako.
Herrialde-itunak
Bost akordio handi eta zabal lotzeko proposamena egin zuen ostegunean Iñigo Urkullu lehendakariak. Itun horien edukiera ezagutu nahi du aldez aurretik EH Bilduk. Elkarrekin Podemos-IUk, ordea, esan du ez dituela bere ideiak aldatuko. PP-C´s-ek zaila ikusten du hezkuntza alorrean itunik adostearena, eta Vox zentzu berean mintzatu da.