Indarkeriaren amaiera
AEBek ez dute ETA kenduko erakunde terroristen zerrendatik, oraingoz
Erredakzioa
Baliteke AEBetako Estatu Departamentuak zerrenda berrikustea 2013 urtean.
AEBetako Estatu Departamentuak iragarri du ez duela oraingoz ETA kenduko erakunde terroristen zerrendatik. Dena dela, baliteke 2013an berrikustea.
Mike Hammer hedabide kontuetarako Estatu idazkariak elkarrizketa bat eskaini du Twitterren, gaztelaniaz, eta bertan ETAren indarkeriaren amaierari buruz galdetu diote.
"Jakin badakigu [ETAk] su-etena iragarri duela, baina iraganean urratu egin ditu su-etenak", ohartarazi du.
Funtzionarioak gogorarazi duenez, AEBetako Gobernuak bost urtean behin berrikusi behar du erakunde terroristen zerrenda, legeak behartuta. ETAren kasuan, azken berrikuspena 2008an egin zuen.
Hamerrek ez du baieztatu nahi izan noiz egingo duten hurrengo berrikuspena, baina Espainiako agintariekin "kolaboratzen" jarraituko dutela nabarmendu du, "terrorismoa menperatzeko".