Foru Erkidegoa
Nafarroako Gobernuak eta Ahal Duguk 2023ko aurrekontuetarako akordioa itxi dute
Agentziak | EITB Media
Begoña Alfaro indar morearen koordinatzaileak aitortu duenez, akordioan "apurren bat galdu dugu" eta "ezin dugu esan horiek izango direnik guk sinatuko genituzkeen aurrekontuak".
Nafarroako Gobernuak eta Ahal Duguk 2023ko aurrekontuak onartzeko akordioa lortu dute, Begoña Alfaro alderdi morearen koordinatzaileak iragarri duenez.
Hala ere, nabarmendu duenez, "azken hitza Nafarroako Herritar Kontseiluak izango du, eta bertan proposatuko dut baiezko botoa ematea, bai negoziazioko azken ordu hauetan lortutako akordioengatik, bai erantzukizun sozialari dagokionez, urte oso zail baterako aurrekontuetan, non Europako laguntzetan milioi asko dauden jokoan".
Alfarok aitortu duenez, akordioan "apurren bat galdu dugu" eta "ezin dugu esan horiek izango direnik guk sinatuko genituzkeen aurrekontuak".
Podemoseko koordinatzaileak azaldu duenez, akordio bat itxi dute 14.500 euro gordin baino gutxiagoko errentek Errenta Aitorpena egin behar ez izateko, egun mugan 12.600 euroan dagoelako.
Bestalde, "pentsioen sistema publikoaren aurrean kenkari handienak dituzten pentsio plan pribatuak sustatzeko Exekutiboaren asmoa geldiaraztea" lortu dela azpimarratu du.