Auzitegi Nazionala
Barne Ministerioak 100.000 euroko kalte-ordaina emango dio pilotakada batez begia galdu zuen Aingeru Zudaireri
eitb media
Atarrabiarrak 2012an jaso zuen Espainiako Poliziaren pilotakada, greba orokor batean. Polizia absolbitu egin zuten, baina orain helegitearen zati bat onartu diote kalte-ordaina jasotzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Barne Ministerioak 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio gomazko pilotakada batekin begibakar utzi zuten Aingeru Zudaire atarrabiarrari. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak partzialki onartu du hark jarritako helegitea.
2012ko irailean gehiengo sindikalak deitutako greba orokorreko mobilizazioetan Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota batek bete-betean jo zuen Aingeru Zudaire, eta begi batean zauri larriak eraginez begi-bakar utzi zuen.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak, 2019an, absolbitu egin zuen pilota jaurtitzea leporatzen zioten polizia, probarik ez zegoela argudiatuta, baina begia pilotakadaren ondorioz galdu zuela aitortu zion gazteari.
Bide horretatik tiraka, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko auzi-aretoak partzialki onartu du orain Aingeru Zudairek aurkeztutako helegitea, eta 100.000 euroko kalte-ordaina jasoko du Barne Ministerioaren eskutik.