Itxi

Gerra zikina

Anduezak Barrionuevoren hitzak "onartezintzat" jo ditu biktimak "mespretxatu" dituelakoan

EITB Media

Leer en Castellano

Nahiz eta PSOEko inork ez duen oraindik adierazpenik egin, Ferrazeko iturriek EITB Mediari baieztatu diotenez, Anduezaren adierazpenak "erabat babesten" dituzte.

Andueza, PSE-EEk bidalitako irudietan.

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiarentzat, "onartezinak" dira Jose Barrionuevo Barne ministro ohiaren adierazpenak; izan ere, gerra zikina onartu zuen igande honetan.

Nahiz eta PSOEko inork ez duen oraindik adierazpenik egin, Ferrazeko iturriek EITB Mediari baieztatu diotenez, Anduezaren adierazpenak "erabat babesten" dituzte.

Komunikabideei helarazitako ohar batean, buru sozialistak adierazi du Barrionuevoren adierazpenek "oso gertakari larriak, nazkagarriak", justifikatu nahi dituztela, demokraziaren eta Zuzenbide Estatuaren aurka egiten dutenak.

"Gaitzesteko moduko hitzak dira, biktimei min ematen dietelako; bidegabekoak dira haiekin, ez dituztelako kontuan hartzen, mespretxatzen dituzte", esan du Anduezak. "Eta, gainera, esan gabekoa pairatu duen gizarte baten aurka doaz, terrorismoaren adierazpen ororen aurka behin eta berriro atera den gizartearen aurka". Anduezak gaineratu du Justiziak zehaztuko duela hitzon gaineko ardurarik hartu beharko den.

"Gaur egun terrorismoa adierazpen orotan gaitzesten ez dutenen" edo "beste alde batera begira epel azaldu zirenen" GALen jarduera gaitzesteko asmoari buruz, Anduezak azaldu du jarduera terroristek "beti" izango dutela "Euskadiko Alderdi Sozialistaren gaitzespen borobila eta, hortaz, ez dute zentzurik".

Bukatzeko, gogorarazi du PSE-EEren jardun instituzionala terrorismoari zilegitasuna kentzera egon dela bideratuta, eta biktimek merezi dituzten egian, justizian eta konponketan aurrerapausoak ematera.

Era berean, gaineratu du sozialistak, "terrorismoaren ondorioak oso ondo ezagutzen" dituzten aldetik, "hitzaren bitartez" defendatu izan direla beti "mehatxuaren eta horren ondorio latzen aurrean", "giza eskubideekiko, bizitzeko eskubidearekiko eta ideien aniztasunarekiko militantzia eta konpromiso irmoarekin". "Hala izan da, eta hala izango da etorkizunean ere", amaitu du.

Albisteak (2)