Itxi

MEMORIAREN EGUNA

GALen terrorismoa defendatzerakoan, Barrionuevok erakutsi duen "inpunitatea" kritikatu du Urtaranek

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Memoriaren Plaza, terrorismoaren biktimei eskainitako gunea, inauguratu dute Gasteizko alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Denis Itxaso eta Gorka Urtaran Memoriaren Plaza inauguratzeko ekitaldian. Argazkia: EFE

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak kritikatu egin du Jose Barrionuevo Espainiako Gobernuaren Barne ministro ohiak Estatuaren gerra zikina eta GALen terrorismoa defendatzerakoan erakutsi duen "inpunitatea". Urtaranen esanetan, kondenak bakarrik ez du balio, "ikuspuntu sozial eta judizialetik" lan egin behar da.

Memoriaren egunarekin bat eginez, terrorismoaren biktimei eskainitako Memoriaren Plaza inauguratu dute gaur goizean Gasteizen. Correos kalearen eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean kokatuta dago, eta 1,6 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan.

Gasteizko alkatearen iritziz, "ezin da izan politikari ohi batek inpunitate horrekin jardutea, eta bere protagonismoa edo erantzukizuna adierazi nahi izatea Espainiako demokraziaren parte ilun eta ankerrenaren aurrean".

Egon diren gaitzespen adierazpenak eskertu eta nabarmendu baditu ere, Gorka Urtaranek ez du uste nahikoa denik zigorgabetasunarekin amaitzeko. Hori dela eta, ikuspuntu sozialetik eta judizialetik lan egiteko beharra azaldu du.

Gorka Urtaranek azpimarratu du Gasteiz "giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktima guztiekin" dagoela. "Gaur bereziki garrantzitsua da zigorgabetasunarekin amaitzeko beharra adieraztea, biktimak berriro biktimizatzen baititu, eta erreparazioa, duintasuna, justizia eta egia ukatzen baitzaizkie", gaineratu du.