Dokumentazioa
Sedizio delituaren gakoak
Agentziak | EITB Media
Zer da eta zelan zigortzen da? Noiz eta nola aplikatu da? Badu baliokiderik Europan? Nola eragingo die erreformak zigortutako edo ihes egindakoei? Galdera nagusienei erantzun diegu.
PSOE eta Unidas Podemos taldeek gaur, ostiralarekin, erregistratuko dute Diputatuen Kongresuan sedizio delitua erreformatzeko lege proposamena. Hiru urte badira Sanchezen gobernuak hura erreformatzeko konpromisoa hartu zuela, eta, hala, atzo iragarritakoa aurrerapausoa da.
2020ko urtarrilean, Kataluniako prozesuko buruzagiak zigortu eta hiru hilabetera, "zaharkituta" geratu ziren hainbat delitu, tartean sedizioarena, baina baita indarkeria matxistarekin edo ingurumenarekin lotutakoak, erreformatzeko asmoa iragarri zuen Espainiako presidenteak. Ordutik, zigor kodean aldaketak egin ditu Espainiako Gobernuak, baina ez du sedizio delitua ukitu.
Zer da? Zer dio zehazki egungo zigor kodeak?
Ordena publikoaren kontrako delituen artean dago sedizioarena, eta zigor kodearen 544. artikuluan eta ondorengoetan dago jasoa.
"Indarkeria erabiliz edo arauetatik kanpo, indarrean dagoen Legediaren aplikazioa edo agintarien, erakunde ofizialen edo funtzionarioen agintea eragozteko publikoki altxatu diren pertsonak" zigortzen dituen delitua da.
Sedizio egileek, gutxienez, 4-8 urteko kartzela zigorrak jasoko dituzte, baina sedizioa sustatu, babestu edo zuzendu dutenak edo egile nagusitzat agertzen direnak 8-10 urteko espetxe zigorra jasoko dute, eta 10-15 artekoa, agintaritzarik balute. Bi kasuetan, gainera, erabateko gaitasungabetzea ezarriko zaie epe berean.
Noiz eta nola aplikatu da orain arte?
2019ko urriaren 14an denon ahotan ibili zen delitua; Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuko buruzagiak zigortu zituen, sedizioa egotzita (indultu partziala eman zieten ia bi urtera, 2021eko ekainean). Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde izandakoak, eta Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilariek 13 urteko kartzela zigorra jaso zuten.
Aurrez, beste prozedura batzuk zabaldu zituzten delitu horrengatik, besteak beste, Kataluniako Parlamentuak egindako adierazpen independentistaren alde mozioak babestu eta onartu zituzten udalen eta zinegotzien kontra. Baina bertan behera, artxibatuta geratu ziren.
Palmako aire kontrolatzaileak ere delitu horrengatik epaitu zituzten, 2010ean hainbat aireportutan eragindako kaosa tarteko. Azkenean, baina, zerbitzua abandonatzeagatik bakarrik zigortu zituzten Fiskaltzarekin lortutako akordio bati esker.
Nola zigortzen da Europan?
Sedizio delituak —1822tik dago jasota zigor kodean— ez du parekorik Europako beste herrialdeetan. Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Alemanian edo Belgikan matxinada delitua zigortzen dute, ez ordea sedizioa.
Zelan eragingo dio zigortutakoei eta ihes egindakoei?
Ikusteko dago zein mailatan erreformatzen duen Gobernuak delitua, eta horren arabera zehaztuko da Kataluniako prozesu independentistako buruzagien zigorren eragina. Eman zitzaien indultu partziala errekurrituta dago, eta baliteke kargugabetutako denbora murriztea.
Erbestean diren buruzagi independentistei (hala nola, Puigdemonti edo Toni Comin kontseilari ohiari) mesede egin ahal die erreformak, baina horrek ez du esan nahi kartzela zigorra ezarri ezin zaienik. Izan ere, erreformak 5 urteko zigorrak aipatzen ditu, eta diru publikoa bidegabe eralbitzearen delituagatik ere zigortu ahal dituzte (2-6 urteko zigorrak).