Itxi

Estatuaren terrorismoa

Egiari Zor Fundazioak "erantzukizunak bere gain hartzeko adierazpen argia" eskatu dio Espainiako Gobernuari

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Era berean, Begoña Galdeanok eta Edurne Brouardek Espainiako Exekutiboari eskatu diote "desklasifikatu" ditzala "Estatu terrorismoak eragindako krimenak ebaztea" ahalbidetzen duten agiriak.

Begoña Galdeano eta Edurne Brouard, Egiari Zor Fundazioaren prentsaurrekoan, Bilbon. Argazkia: EFE

Begoña Galdeanok eta Edurne Brouardek, GALen bi biktimen alabek, "zalantzarik gabeko adierazpena" eta "maila instituzional gorena" eskatu diote Espainiako Gobernuari, "erantzukizunak onartzeko eta eragindako mina aitortzeko", bi emakumeek Bilbon emandako prentsaurreko batean nabarmendu dutenez. "Ez dugu gaitzespen orokorrik behar, asko beren erantzukizunetik salbuesten dituenik", gaineratu dute.

Halaber, Jose Barrionuevo ministro ohia ETAren aurkako gerra zikina egiteaz "harro" agertu ostean, "Estatu terrorismoak eragindako krimenak ebaztea" ahalbidetzen duten agiriak "desklasifikatzeko" eskatu diote Espainiako Exekutiboari.

Jose Maria Larretxea Goñiren familia Barrionuevok agindu zuen bahiketa (Frantziako Jendarmeriak 1983ko urrian eragotzi zuen), eta ministro ohiaren aurka "kereila kriminal bat aurkezteko aukera aztertzen ari dira".

GALek 1984an eta 1985ean, hurrenez hurren, hildako Santi Brouard eta Xabier Galdeanoren alabak komunikabideen aurrean agertu dira, Egiari Zor Fundazioak deitutako ekitaldian.

"Espainiako Justiziak ez du sekula Estatu terrorismoak eragindako krimenak ebazteko interesik erakutsi"

Testu bat irakurri dute euskaraz zein gaztelaniaz, eta azpimarratu dute El Pais egunkarian egindako elkarrizketan Barrionuevok aitortu duela "hamarkadatan salatu duguna: Estatuak, Felipe Gonzalezen Gobernuaren bidez, terrorismoa eta gerra zikina erabili zituela, bere agindupean Estatuko segurtasun indarretako kide eta soldatapeko mertzenario gisa jarduten zutela, eta ministro ohiak lubakitik tiro egin zutenak laguntzat zituela".

Fiskaltzak "ofizioz" jardun beharko lukeela uste dute. "Gaur egungo Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak dioen bezala, gertakari horiek ekintza terroristak izan baziren eta egia ez bada preskribatzen, Barrionuevoren aitortzak zigorrik gabeko egitate bati buruz bide judizialak irekitzea ekarri beharko luke, gertakariak argitzeko eta erantzukizunak garbitzeko", nabarmendu dute.

Hala ere, Fiskaltzak ez jarduteak ez dituela harritzen esan dute; izan ere, "Espainiako Justiziak ez du sekula Estatu terrorismoak eragindako krimenak ebazteko interesik erakutsi".

Santiago Brouarden -HBko buruzagia- eta Xabier Galdeanoren – Egin egunkariko berriemailea Ipar Euskal Herrian - alabek adierazi dutenez, "ezein alderdi politikok, ezein gobernuk ez du oraindik bere gain hartu gertakari larri horien erantzukizuna", eta, haien ustez, "hainbat sigla politiko inplikatzen dituzte, UCDtik eta Alianza Popularreko (gaur egun PP) oinordekoetatik PSOEraino".