Elkarrizketa Radio Euskadin
Arnaldo Otegi: "GAL gaitzestea baino, berriro ez errepikatzea da benetan behar duguna"
L.P.C. | T.S.J. | EITB MEDIA
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, hainbat alderdik gaitzespen hitza erabiltzen dute "EH Bildu estutzeko", eta hori "ume jolasa da, eta arduragabea".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, haren koalizioak ez du espero Espainiako Estatuaren partetik berriro GAL gaitzestea, "GALek hiltzen zuenean, orduan ere krimenak gaitzesten zituelako". "Nahiago dut Espainiako Estatuak aitortuko balu, independentismoaren aurka eta Espainiaren batasunari euste aldera, legezko eta legez kanpoko bideak erabiltzera prest dagoela", ondorioztatu du.
Radio Euskadiko "Cronica de Euskadi Fin de Semana" irratsaioan eskainitako elkarrizketan Otegik azpimarratu duenez, hainbat alderdik gaitzespen hitza erabiltzen dute "EH Bildu estutzeko", eta hori "ume jolasa da, eta arduragabea". Ezker abertzaleari "ez zaio kostatzen egindako mina eta erantzukizuna aitortzea, baina beste aldeari ere exijitu behar zaio indarkeria eta egindako minaren aitorpena".
Sedizio delitua baliogabetzeko Zigor Kodearen erreformaren erabakia "berri ona" dela esan du Otegik, "espetxe-zigorrak eta motak murrizten dituelako". Baina urrats gehiago eskatu ditu, "boto-kutxak jartzeak zigorrik ekar ez dezan".
Maddalen Iriartek EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaile-kargua utzita, horren ordezkoaz galdetuta, Otegik ez du izenik aurreratu, ezta lehendakarigai izango ote den ere. Esan duenez, bere lekua "jendartean dago, auzoetan", militanteek erabakiko dutela haren lekua, eta bera ez dagoela horretan pentsatzen.
Krisiaren aurka eta subiranotasunaren alde atzo Bilbon EH Bilduk egindako manifestazioari buruz adierazi duenez, "Autonomia kalea berriro bete genuen, mobilizatuta gaudela esateko, eta gerra eta politika ekonomikoak elite liberalek eta politikoek hartutako erabakien ondorioak direla", gaineratu du.