Itxi

ERABAKI JUDIZIAL POLEMIKOA

PCEren mendeurrena dela-eta Correosek atera behar zuen seilua bertan behera uztea lortu du ultraeskuinak

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zigiluaren emisioa behin-behinean geldiarazi du epaile batek Abogados Cristianos elkarteak eskatuta. Willy Toledo aktorea "Jainkoa eta Ama Birjina iraintzeagatik" epaitegietara eraman zuen elkarte bera da.

Auzitan jarritako Correoseko seiluaren irudia sare sozialetan zabaldu da.

PCE Espainiako Alderdi Komunistaren mendeurrena dela-eta Correosek astelehen honetan jaulki behar zuen seilua ez da salgai jarriko oraingoz. 135.000 ale zauden prest 0,75 euroan saltzeko.

Espainiako eskuineko alderdien adierazpenek hauspotuta, harrabotsa eragin du gaiak Twitterren, eta erabakiaren kontrako kanpaina bizia garatu du eskuin muturrak. Hala, Abogados Cristianos elkarteak emisioa geldiarazteko eskaera aurkeztu zuen, eta Madrilgo epailea batek eskaera onartu egin zuen atzo. Elkarte hori da 2014an Sevillako "aluaren prozesioa" "irain erlijiosoengatik" salatu zuena, baita Willy Toledo aktorea ere, oso ezaguna izan zen prozesu judizial batean. Toledo absolbitu egin zuten azkenean.

Epailearen erabakiaren ondotik, Manos Limpias ultraeskuineko sindikatuak ere beste eskaera bat aurkeztu zuen Madrilgo epaitegian, Juan Manuel Serrano Correoseko presidentearen aurka, prebarikazio delitua egotzita.

Kritikak eta defentsa

Mugimendu judizial horien aurretik, Rafael Hernando PPko senatariak zigilua erretiratzea eskatu zuen "komunismoa, nazismoa eta faxismoa ideologia totalitarioak baitira eta Europako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu milioika hildako eragiteagatik". Argudio bera erabili zuten Ciudadanoseko ordezkariek ere, eta Voxek "Paracuelloseko sarraskiaren 86. urteurrena gogoratzea" proposatu zuen alternatiba gisa.

Aitzitik, ezkerreko alderdietako ordezkariek gogor kritikatu dute erabakia, eta demokraziaren eraikuntzan zein Espainiako Konstituzioan PCEk izandako papera goraipatu dute, besteak bestea, Alberto Garzonek (IU), Yolanda Diazez (Unidas Podemos), Gabriel Rufianek (ERC), Pablo Iglesiasek eta Jose Luis Abalos ministro ohiak (PSOE):