Itxi

DONOSTIA

Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi dute

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eneko Goia alkateak iragarri du Udalak 73,3 milioi euro ordainduko dituela lursailaren truke. Defentsa Ministerioak, berriz, lau urte barrurako hustu beharko ditu instalazioak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako Udala eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioa salerosketa akordio batera iritsi dira Loiolako kuartelen inguruan, Eneko Goia Donostiako alkateak astearte honetan iragarri duenez. Udalak 73 milioi euroren truke erosiko du lursaila, eta, Ministerioak, berriz, konpromisoa hartu du instalazioak lau urteko epean husteko.

Alkatearen esanetan, Udala eremu berriaren diseinuan lanean ari da dagoeneko, eta bertan egin daitekeen etxebizitza garapenean (gutxi gorabehera 1.500 - 1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo litzateke, horren arabera, baita ekipamendu publiko berriak ere). Era berean, auzoan Urumea ibaiaren integrazioa nola egin aztertzen ari dira eremuari kalitatea bermatzeko.

Uztailean, Loiolako kuartelak babestu behar direla ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, Voxen helegitea aintzat hartuta. Iraila amaieran, baina, sententzia horri kasazio errekurtsoa jarri zioten Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak, biak desberdinak, baina antzeko argudiaketarekin eta, Goiaren arabera, osagarriak.

Aldi berean, kuartelen salerosketaren akordioa negoziatzen jarraitu dute, eta orain akordioa ixtea lortu dute. Eneko Goiaren iritziz, akordioa historikoa da; izan ere, hiriaren garapenerako giltzarri izango da, duela ehun urte Defentsa Ministerioari Urgul Mendiaren militar eremuaren edo San Telmo kuartelaren erosketak izan ziren moduan.

Halaber, azpimarratu du, Loiolako eremu berriak – garapena egin arte oraindik hainbat urte igaroko dira –  ahalbidetuko duela hiria hedatzen jarraitzea Urumea ibaiaren inguruan. 

Albisteak (2)

Bideoak (1)