Kargatzen...
Itxi

2023ko aurrekontuak

Oposizioak aurrekontu akordioak urrun ikusten ditu, Azpiazuk zerga erreformari ateak itxi ondoren

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk "oso urrun" ikusten dute akordioa. PP+Cs koalizioak uste du Jaurlaritzak "maniobrarako tartea" duela aurrekontuen negoziazioaren barruan erreforma fiskal bati ekiteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hauteskunde aurreko eta ziurgabetasun ekonomikoko garai batean erreforma fiskalari ateak itxi dizkio Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Horregatik, oposizioak 2023rako aurrekontuen inguruan akordio bat lortzeko aukera urrun ikusten du.

EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek Eusko Jaurlaritzarekin egin duten bigarren bilera-sortan parte hartu dute, kontuak adosteko asmoz, baina ez da jarrerarik hurbildu, hiru indarrek balizko itun bat zerga-aldaketarekin lotzen baitute.

Hala ere, hirugarren hitzordu bat egongo da (Vox alderdi ultraeskuindarra negoziaziotik kanpo utzi dute) Azpiazuk talde bakoitzari helarazitako proposamenak aztertzen dituztenean, baina ohartarazi die ez dela zerga aldaketak egiteko unea.

Azpiazu: "Egungoa bezalako ezegonkortasun-egoeretan ez da erreforma fiskal bat egiteko unea"

"Egungoa bezalako ezegonkortasun-egoeretan ez da erreforma fiskal bat egiteko unea. Era berean, ezin dugu ahaztu aldundiek eta batzar nagusiek hiru hilabetetan amaitzen dutela legealdia ", azpimarratu du Azpiazuk, eta gogorarazi du EAJk eta PSEk osatutako Gobernuak gehiengoa duela aurrekontua bakarka aurrera ateratzeko.

EH Bilduk "oso urrun" ikusten du akordioa, baina Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak Jaurlaritzaren kontraeskaintza aztertzeko konpromisoa hartu du, 54 milioiko partidak barne hartzen baititu alokairuaren prezioak mugatzeko, osasuna, egoitza, lan-ikuskaritza, energia-autokontsumoa eta euskara.

"Gure proposamenarekiko aldea (450 milioira iristen zen) oso handia da inbertitzeko une batean gaudenean", azaldu du Iriartek, eta Eusko Jaurlaritzak bonu energetikoa ez zabaltzea deitoratu du, talde honek eskatu bezala.

Ildo beretik, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak bere koalizioa aurrekontuen itunetik "oso urrun" kokatu du. Gobernuak jarrerak hurbiltzeko "aparteko ahaleginik" egin ez izana kritikatu du, eta proposamenak bere taldearen planteamendu garrantzitsuenak jasotzen ez dituela uste du.

Horrela, koalizio moreak mahai gainean jarritako 511 milioien aurrean, Azpiazuk 41 milioi euroko eskaintza egin die.

PP+Cs alderditik, Luis Gordillok uste du Jaurlaritzak "maniobrarako tartea" duela aurrekontuen negoziazioaren barruan erreforma fiskal bati heltzeko konpromisoa hartzeko.

Gainera, 27,5 milioiko kontraeskaintza, enpresei laguntzeko neurriekin eta hezkuntza arloan, ez dela nahikoa uste du.

Bideoak (1)