2023ko Aurrekontu Orokorrak
Babes sozialaren, pentsioen eta memoriaren arloetan akordioa lortu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin
EITB MEDIA
Mertxe Aizpuruak adierazi du kotizazio gabeko pentsioak % 15 igoko direla datorren urtean ere, eta alokairu errentak eguneratzeko % 2ko muga 2023 osoan mantenduko dela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EH Bilduk berretsi egin du Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituela, PSOErekin eta Podemosekin akordio orokor bat lortu ostean. Hainbat akordio itxi dituzte, tartean 2023ra arte luzatzea % 2ko muga alokairu-errentak eguneratzeko, eta kotizazio gabeko pentsioak % 15 igoko dituztela 2023an ere. Gainera, Memoria Historikoari eta autogobernuari dagokienez, aurrerapausoak emango direla nabarmendu dute EH Bilduko kideek.
Hala baieztatu du alderdi abertzaleko bozeramaile Mertxe Aizpuruak. Prentsaurrekoan adierazi duenez, euskal gizarteari eta "langile klaseei" mesede egingo dien "akordio ona" da, eta "aurrerapen sozial eta ekonomikoak" bermatzen ditu.
Hauek dira akordioaren xehetasunak:
- Babes soziala: Urtebetez luzatuko dira, 2023ko abenduaren 31ra arte, 11/2022 Errege Dekretuan jasotako neurriak, alokairuen berrikuspenari eta % 2ko mugari dagozkionak.
- Pentsioak: Kotizazio gabeko pentsioen % 15eko igoera urtebetez luzatuko da. Batez besteko 70 euroko igoerak 450.000 pentsioduni egingo die mesede hilero, batez ere, miseriazko pentsioak kobratzen dituzten emakumeei.
- Kalte-ordainak talidomidak jotako pertsonentzat: 12 milioi euro gehiago jarriko dira talidomidagatik kaltetutako pertsonei laguntzeko. 50eko eta 60ko hamarkadetan Grunenthal farmazia-konpainiaren botikaren ondorioz malformazio larriekin jaio ziren ehunka pertsona biltzen dituen kolektiboarekin erakundeek zuten zor historikoa kitatzen eta urteetako bidegabekeria arintzen lagunduko du.
- Osasuna: 2023rako aurreikusitako Barruko Mediku Egoiliar (BAME) kopurua handitzeko, bi milioi euro gehiago bideratuko dira aurrekontuetan. Gobernuak iragarritako mila medikuei, 200 mediku egoiliar gehiago gehituko zaizkie akordioari esker, egungo mediku faltaren aurrean osasun sistema publikoa indartzeko eta beharrezko belaunaldi aldaketari bide emateko asmoz. Guztira, Familia eta Komunitateko Medikuntzan espezializatutako 1.200 plaza gehiago eskainiko dira hurrengo urtean.
- Memoria: Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko memoria gunea sortzeko 600.000 euro bideratuko dira, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren eliza birmoldatuz. Ekarpen horri esker, 1976an hildako bost grebalariak omentzeko proiektua martxan jartzeko falta zen ekarpen ekonomikoa gehitu du EH Bilduk.
Gainera, 300.000 euro bideratuko dira Aranguren ibarreko Irulegi mendian (Nafarroa) Aranzadi elkarteak bultzatutako indusketa lanei jarraipena emateko eta finantzatzeko.
Horrez gain, hiru milioi euro jasoko dituzte 2023ko aurrekontuek Ezkabako Gotorlekua (Iruñea, Nafarroa) memoria gune bihurtzeko lehen ekarpen gisa, Memoria Demokratikoaren Legearen esparruan lortutako akordioari jarraipena emanez. Hitzarmen horri esker, egungo azpiegitura militarraren erabilera Nafarroako Gobernuaren esku geratuko da, 1938ko ihesaldian fusilatuta hil zituzten presoen omenezko memoria gunea sortzeko.
- Autogobernua: Nafarroak 2023ko martxoaren 31 baino lehen jasoko du Trafiko eta Bide Segurtasunari dagokion eskumena. Horretarako, abenduaren 31 baino lehen bildu beharko da eskualdatzeez arduratzen den batzordea, eta egungo arazo teknikoak konpontzeko behar adina bilera egin beharko ditu akordioan jasotakoa betetzeko.
- Zerga sistema: Banku eta argindar enpresen ezohiko irabazien gaineko zergak euskal ogasunek kudeatuko dituzte, EAEko eta Nafarroako erakundeekin hala adostuta; Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren jarraipen batzordeetan, hurrenez hurren. Legea indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean egin beharko dute zerga horiek diru sarrerak foru ogasunen esku uzteko akordioa, beti ere euskal erakundeen eskumen fiskal propioak eta autogobernua errespetatuz.
- Trantsizio ekologikoa: 1,5 milioi euro bideratuko dira Baliarraingo Ibiurko urtegiaren ingurune naturala berreskuratu eta egokitzeko; Gipuzkoako Tolosaldea eskualdea hornitzen du urtegiak.
Bestalde, 700.000 euro inbertituko dira Asparrenan (Araba) Biohondakinen Tratamendurako Planta sortzeko. Proiektu horrek Arabako Lautadako zortzi udalerrietan sortutako biohondakinen tratamendua ekarriko du.
Espainiako Gobernuak autokontsumo energetikoari, soberakinei eta komunitate energetikoei buruzko 2019/944 Europako Zuzentarauaren transposizioa egingo du sei hilabeteko epean gehienez ere, autokontsumo partekatu elektrikoa bultzatzeko helburuarekin.
- Euskarari bultzada: Milioi bat euro bideratuko dira euskarazko irratien digitalizazioa azkartzeko, eta aurrerapen esanguratsuak ekarriko ditu berrikuntzaren eta garapenaren alorretan. Ekarpen horrek euskarazko irratien hedapen gaitasuna areagotuko du modu nabarmenean, eta bat dator joan den urtean euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezko hedabideen hedapenerako lortutako akordioarekin.
Babes-lerro berri bat irekiko da erakundeek Euskal Herrian plazaz plaza ari den jarduera bat diruz lagundu dezaten. Euskaraz ekoitzitako zirkuaren sustapenerako 250.000 euro bideratuko dira hurrengo urteko aurrekontuetan. EH Bildurekin lortutako akordioari esker, orain arteko ibilbidea berme gehiagorekin egiteko aukera izango du Gure Zirkua ikuskizunak.
- Unibertsitateak: Milioi bat eta erdi euro bideratuko dira Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, energia berriztagarrien eta itsas jatorriko hidrogenoaren (olatuak, mareak…) garapen teknologikoa ikertuko duen laborategia martxan jartzeko.
Milioi bat euro Nafarroako Unibertsitate Publikoarentzat, energiaren biltegiratze eta kudeaketa egokira zuzendutako Green Smart & Sustainable Campus proiektua gauzatzeko. Mugikortasun jasangarri eta adimentsuan oinarritutako Iruñeko campusa aitzindaria da Espainiako Estatuan.
Bi milioi euro Mondragon Unibertsitatearentzat, ikasleei zerbitzua ematen dien plataforma digitalaren garapenera eta hezkuntzaren berrikuntzara bideratzeko.